Itxi

Gizartea

EUSKO JAURLARITZA

Alor pribatuan berdintasunean eragiteko 'ahuleziak' onartu ditu Emakundek

EITB.EUS

Emakundek aitortu duenez, Berdintasunareko Legeari esker asko aurreratu da, baina alor pribatuan, konpetentzia eta zigorren eremuetan, eragiteko zailtasunak dituzte.

Berdintasunerako Legearen ebaluazioaren emaitzak aurkeztu dituzte gaur goizean, Gasteizen, 'Berdintasunerako Legea: Lorpenak eta erronkak' izenburuarekin Emakundek antolatu du jardunaldiaren baitan.

Ebaluaketaren emaitzen arabera, Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Legea "tresna juridiko eraginkorra eta baliagarria" izan da, eta Legea indarrean egon den lehen urteetan lortutako aurrerapen asko "finkatzea eta bermatzea" lortu da.

Halaber, tresna eraginkorra izan da "berdintasun politiken garapenean aurrera egiteko, bereziki baliabide ekonomiko eta pertsonalei dagokionez, eta baita ere, sektore bakoitzaren alorrean zeharkakotasun estrategia areagotzeko".  Emakunderen ustez, ebaluazioak erakusten du "Legeak eragina izan duela hiritarren berdintasunaren inguruko sentsibilizazio eta kontzientziazioan, eta honek ekarri duela hiritarren eskaerak areagotzea eta exijentzia maila handiagoa izatea alor honetan".

Iñigo Urkullu lehendakariak aurkezpen ekitaldian gogoratu duenez, "Euskadi bosgarren postuan dago Europako Genero Berdintasunaren Indizean, herri hauen atzetik: Suedia, Finlandia, Danimarka eta Herbehereak". Halere, "aurrerapausoak eman diren arren, eta arlo honetan euskal politikak erreferenteak abian jarri dituen arren", lehendakariak aitortu du Euskadi "erdibidean" dagoela oraindik "berdintasun erreala eta benetakoa lortzeari begira".

Ildo beretik mintzatu da Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria ere. Jaurlaritzaren Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Legea "aitzindaria eta erreferentea" dela esan du. Legea onartu zenetik, "antolaketarako egitura sendo bat" eraikitzea lortu dela ziurtatu du. Horren hitzetan, krisi ekonomikoak gogorren astindu zuen urteetan ere, berdintasunera bideratutako diru kopuruari eustea lortu zen, atzerapenik gabe.

Legearen "derrigortasuna" ere azpimarratzen du ebaluazioak. "Derrigortasun hau funtsezkoa izan baita administrazio publikoan berdintasun neurriak ezartzeko. Kontratazio publikoetan berdintasunaren ikuspegia txertatzea edo Jaurlaritzaren arauen genero eraginaren ebaluaketa honen adibide dira, eta nazioartean ere eredu bihurtu dituzte EAEko berdintasun politikak",  nabarmendu dute arduradunek.

Ahuleziak

Aurrera egitea lortu den arren, Legeak ahuleziak ere badituela onartu dute goizeko ekitaldian. Alor pribatua da horietako bat,  Berdintasunerako Legeak "mugak" baititu konpetentzia eta zigorren eremuetan alor honetan "eragin handiagoa" izateko.

Emakunderen arabera, beste erronka bat sexuen araberako "rol eta estereotipoen desagerraraztean beharrezkoa den abiaduran aurrera egitea da". "Gizarteak baditu zenbait sinesmen eta balore oso sustraituak daudenak, eta Legeak berak bakarrik aldatu ezin dituenak. Balore aldaketak eta gizartearen eraldaketak Legearen zereginetatik harago doaz, baina hala ere, Legea izan daiteke aldaketa legitimatzen jarraitu dezakeen tresna, ebaluazioaren arabera", esan dute aurkezpenean.

Demokrazia eta Hiritarren Parte hartzeko Euskadiko Liburu Zuriaren printzipioei jarraituz egin da ebaluaketa, "hiritarren parte hartzean oinarritutako politikak eta hiritarren eta administrazioaren arteko kolaborazioa sustatuz", egileek ziurtatu dutenez.