Itxi

Gizartea

Arrazakeriaren prebentzioa

Errefuxiatuen eta etorkinen testigantzak, euskal ikastetxeetan

Agentziak | Erredakzioa

Ikasleak errefuxiatuengana eta etorkinengana hurbiltzeko eta beste kultura, erlijio edo testuinguru soziopolitiko batzuk ezagutzeko modua izango dela dio Jaurlaritzak.

Errefuxiatuek eta etorkinek euren testigantzak Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan emateko ekimena jarri du abian Eusko Jaurlaritzak, arrazakeria, bazterkeria eta diskriminazioari aurre egiteko eta enpatia, elkartasuna eta humanitatea bultzatzeko.

'Giza eskubideak, bizikidetza eta kooperazio programa osagarria 2017-2020' proiektua gaur aurkeztu dute Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak eta Jonan Fernandez Giza Eskubideak, Bizikidetza eta Kooperazio idazkari nagusiak.

Fernandezen iritzian, etorkinak eta errefuxiatuak ikastetxeetara joatea "tresna hezitzailea" izango da, ikasleak haiengana hurbiltzeko eta beste kultura, erlijio eta testuinguru soziopolitiko ezberdinak hobeto ulertzeko.

Plan honek beste sei egitasmo ere aurreikusten ditu, tartean gatazka armatuak bizi izan dituzten Europako herrialdeetara bidaiatzea, hala nola, kontzentrazio-eremuetara, Balkanetara edo Ipar Irlandara.

Plana legegintzaldiaren bukaeran jarriko dute martxan, esperientzia pilotu bat egin ostean.

Bidaiak batxilergoko, Lan Heziketako bigarren eta goi zikloko eta unibertsitateko lehen kurtsoko ikasleei zuzenduta egongo dira.

Horrez gain, etorkinen eta errefuxiatuen errealitatea hobeto ezagutzeko trebatuko dituzte irakasleak, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako eta gobernuz kanpoko erakundeetako kideen laguntzarekin.

Jaularitzak eman die programa honen berri hezkuntza sistemako eragileei eta Gizalegez akordioaren sinatzaileei. Irailera arteko epea dute ekarpenak egiteko.