Gizartea
Giza eskubideen auzitegia
Estrasburgok haur bati eutanasia egitea onartu du, gurasoen nahiaren aurka
agentziak | erredakzioa
Christopher eta Constance Gardek, gurasoek, helegitea jarri zuten Europako Giza Eskubideen Auzitegian Britainia Handiko epaitegiek haurrari arnasketa aparailu artifiziala kentzea onartu ostean.
-
Charlie Gard, gurasoekin. Argazkia: Efe
Europako Giza Eskubideen Auzitegiak oniritzia eman dio Britainia Handiko justiziaren erabakiari Charlie Gard 10 hileko haurrari heriotza duina ematearen inguruan (heriotza eragiten duen gaixotasun genetiko arraroa du), eta errefusatu egin du gurasoek jarri zuten helegitea.
Ebazpenean agertzen denez, haurrak "entzefalopatia mitokondriala" du, eta bizitzeko "beharrezko energia edukitzea galarazten dio" horrek.
Christopher eta Constance Gardek iragan ekainaren 6an jo zuten Estrasburgora, Britainia Handiko Justiziak haurrari arnasketa aparailu artifiziala kentzeari bide eman ondoren.
Erresuma Batuak bere bizitza eskubidea urratu duela salatzen zuten, Londreseko ospitaleak uko egin baitio AEBko tratamendu esperimental bat jartzea.
Gurasoek uste dute ospitalearen erabakia "esku sartze injustua" dela, "justifikaziorik ez duena, eta gurasoen eskubideekiko gehiegizkoa".
Estrasburgok erabakia behin behinean bertan behera uzteko eskatu zion ospitaleari, Charlieri bizitzen uztea.
Baina gaurko ebazpena behin betikoa da, ez dago helegiteetarako aukerarik. Britainia Handiko auzitegien erabakiak "zehatzak, ondo aztertuak eta osatuak dira", Estrasburgoren arabera.
Izan ere, "adituen ebaluazioetan" oinarritutako erabakia da, eta "oso litekeena" omen da "Charliek etengabeko mina eta sufrimendua izatea".