Itxi

Gizartea

IBILALDIA 2017

Festa egun 'parekidea' eta 'jasangarria' izango da Ibilaldia 2017

EITB.EUS

'Egunero elkarregaz' lelopean, maiatzaren 28an hartuko du Mungiak Bizkaiko ikastolen aldeko jaia. Herri horretako Larramendi Ikastolaren 50. urteurrenarekin bat egingo du aurtengo ospakizunak.

  • Ibilaldia 2017ko antolatzaileak, gaur, Bilbon.

    Ibilaldia 2017ko antolatzaileak, gaur, Bilbon.

Azken ukituen faltan, Mungian dena prest dute Ibilaldia 2017ri ongi-etorria emateko. Durangoko Kurutziaga Ikastolari lekukoa hartu ziotenetik, prestaketa lanek ez dute etenik izan Larramendi Ikastolan. Badute eskarmentua lan horretan, 1998an ere Mungian ospatu baitzen Ibilaldia.

Gaur, Bilboko Kafe Antzokian egin duten aurkezpenean eman dituzte aurtego jaiari buruzko xehetasun guztiak.  "Izan zirelako gara eta garelako izango dira esaldia jarraituz, orain dela 50 urte Larramendi Ikastola bultzatu zutenen ondarea 50 urte barru izango direnek izan dezaten aldeko lana egunerokoa dela erakutsi nahi dugu Ibilaldian, urte osoko ekintza ere baitelako. Katea apurtu ez dadila", esan dute antolatzaileek.

Jai parekidea eta jasangarria

Jaia morez tindatuko dugu aurten ere. Iazko Durangoko Ibilaldiak egindako ekarpena eta lana aintzat hartuz eta horri jarraipena emanez, "eragile moreek" Ibilaldi honetan ere "eraso gabeko jaia" izateko egingo dute lan. "Begirada zorroztuta eta belarriak erne izanda", esan dute.

Eraso sexistak eta jarrera ez-egokiak prebenitu eta ekiditeko zaintza lana egingo duten boluntarioak dira "eragile moreak". Hauek more koloreko peto bat eramango dute.

Ingurumena zaintzeari ere berebiziko arreta eskainiko dio Ibilaldiak.  Besteak beste,  antolakuntzan erabiliko diren ibilgailuak elektrikoak izango dira, eta mugikortasunaren jasangarritasuna aldarrikatuz, garraio publikoak erabiltzeko deia egin dute.

Hondakinen kudeaketan birziklatzearen aldeko mezua ere zabalduko dute; edukiontzi ezberdinak jarriko dira ibilbidean zehar, eta ur eta argi-indar gutxiago erabiltzeko neurriak hartu dituzte.

Egitaraua

Antolatzaileen arabera,  egitaraua osatzerakoan "pertsona guztiak izan ditugu buruan, denentzako ekitaldiak proposatzeko". "Elkarlanaren ondorioz, musika, jokoak, espektakuloak, tailerrak, kirola, dantza, animaliak, literatura eta abar izango dira Mungiako Ibilaldi honetan. Herritarra, parekidea eta parte-hartzailea den egitaraua landu dugu", azpimarratu dute.

Gazteen inplikazioa bilatzeko, Erronka izeneko proba izango da aurten. Erronkaren helburua 14-16 urte bitarteko gazteek festa egunean parte-hartze aktiboa izatea da, eta horretarako hainbat proba antolatu dira. "Proba bizi eta zirraragarriak izango dira, taldeka gainditu beharrekoak. Hainbat herritako ikasleek elkarrekin egun paregabea igaroko dute eta, gainera, ikastolen jaira hurbilduko direnei ikuskizun ederra eskaintzen diete", zehaztu dute.

Ibilbidea eta guneak

Mungia eta Larramendi Ikastola batuko ditu aurtengo ibilbideak, Mungiako bidegorria oinarri hartuta. 5,7 kilometroko ibilbidean, lau gune izango dira:

-  EGUNERO, Larramendi Ikastolan

-  ERDU, Iturbaltzagako auzoan

-  ALKARREGAZ, Atelan

-  JAIO, Mungiako erdigunearen hasieran

IBILBIDEA IBILALDIA

Bideoklipa eta abestia

Bideoklipa 2017ko otsailean grabatu zen Larramendi Ikastolan,  Karlos Trijuekeren zuzendaritzapean. Itziarren Semeak talde mungiarrak jarri du musika eta TAKET Bertsolari taldeko kideek, Mikel Goirienak eta Jone Larrinagak, egin dute letra.


Omenaldia eta lekukoa

Hasiera ekitaldia 09:30ean izango da Larramendi Ikastolan. Aurten, Ikastolak 50 urte betetzen ditu, eta lehen promozioko ikasleak izango dira zinta ebakiko dutenak. "Ikaslea, hezkuntza sistemaren ardatz jarri dugun honetan orain 50 urte ere ikasleak beti izan dira gure izatearen arrazoia. Orduko ikasleak batuko ditugu eta seguru gauza asko dituztela oroitu eta kontatzeko", esan dute gaurko aurkezpenean.

11:15ean bigarren ekitaldi bat antolatuko da Larramendi Ikastolan. Ordu erdi iraungo duen ekitaldi horretan, Larramendi Ikastolak lekukoa pasatuko dio 2018ko Ibilaldia antolatuko duen Santurtziko Bihotz Gaztea Ikastolari.