Gizartea
ZIBERSEGURTASUNA
Zibersegurtasun zentro bat jarriko du martxan 'laster' Eusko Jaurlaritzak
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Arantxa Tapiak onartu duenez, 'hondamena' izango zitekeen ostiralean izandako zibererasoak, esate baterako, Euskotren edota ospitaleetako zerbitzuei eragin izan balie.
Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituren sailburuak gaur azaldu duenez, Eusko Jaurlaritza zibersegurtasun zentro bat abian jartzeko lanetan ari da, ostiral honetan gertatutako eraso informatikoen parekoei aurre egin ahal izateko. Zerbitzu publikoei eta euskal industria eta enpresei babesa ematea izango da zentro horren helburua, eta "ahalik eta lasterren abian jartzea" espero dute.
Donostiako Topoaren buruzko xehetasunak emateko antolatu den gosari batean, eta komunikabideen galderei erantzunez, sailburuak azaldu du administrazio bakoitzak "beharrezkoak diren neurriak" hartu dituela "beren azpiegiturak ondo ibil daitezen bermatzeko", zibersegurtasunari egindako eraso horren aurrean.
Horrez gain, Eusko Jaurlaritza "zibersegurtasun zentro bat martxan jartzeko lanetan" ari dela jakinarazi du. Exekutiboaren gobernu-programan jasota dagoen proiektua dela esan du, eta euskal azpiegiturak "zein egoeratan dauden ikusteko" balioko duela, "baina ez bakarrik kritikoak izateagatik Estatuak hala egitea behartzen dizkigunak, adibidez, Petronor edo BBG (Bahía de Bizkaia Gas), baizik eta baita nabarmenak izan daitezkeenak ere, besteak beste, Osakidetzako ospitaleak, unibertsitateak eta ikastetxeak edota Euskotreneko trenbide azpiegiturak".
Tapiak onartu duenez, "hondamena" izango zitekeen ostiralean izandako zibererasoak, esate baterako, Euskotreni eragin izan balie, bereziki bide bakarreko tarteetan. Horrenbestez, "azpiegitura nabarmen horiek monitorizatuta izatea da helburua", Beraietan zer gertatzen ari denaz abisuak eman eta industrialagoa den arloan jardun ahal izateko, babes maila baxuena duena baita".
"Ondo babestuta"
Arlo horretan "Ertzaintzarekin batera lan egitearen alde" azaldu da sailburua, "bera izango baita, ondoren, zer-nolako jarduerak abiatu behar diren zehaztuko dituena", baita "112 zerbitzuaren antzekoa izango den egoera horietarako bereziki prestatutako larrialdi-zerbitzu bat garatu ere, azpiegitura publikoetan zein industria-azpiegituretan aplikatu behar diren protokoloekin oso ondo lotuta egongo dena".
Tapiak nabarmendu duenaren arabera, "jardunbide berriak sortzeko ahalmena izatea da xedea, hau da, etengabe alertan egotea, jardunbide berrien abangoardian egotea, eta horrek guztiak lanpostu eta enpresa berriak sortzea ahalbidetzea eta herritarrei zerbitzua eman ahal izatea".
"Behin egin beharreko jardunbideak zein diren eta nola egin behar diren zehaztuta, langileak kontratatzea, ekipamendua erostea eta martxan jartzea tokatzen zaigu. Ahalik eta epe laburrenean egitea espero dugu, zehaztu du.
Osakidetza, ETS edota Euskotren "ondo babestuta" zeudelako ez dutela ostiraleko erasoaren eraginik jasan gaineratu du Tapiak, "baina Erresuma Batuko adibideak erne jarri behar gaitu", ohartarazi du; izan ere, bertan, hainbat ospitaletan zibererasoaren eraginak pairatu zituzten.