Itxi

Gizartea

Zubieta

Elkarretaratzeak Gipuzkoako hainbat herritan, erraustegiaren kontra

eitb.eus

Donostian, Aldundiaren egoitzaren aurrean egin dute protesta "Erraustegirik ez, ez gure izenean" lelopean, eta erraustegiaren proiektua gelditzeko eskatu diete agintariei.

  • Erraustegiaren kontra Hondarribian egin zuten protesta bat, artxiboko irudia. Argazkia: EiTB

    Erraustegiaren kontra Hondarribian egin zuten protesta bat, artxiboko irudia. Argazkia: EiTB

Errausketaren aurkako mugimenduak deituta elkarretaratzeak egin dituzte Gipuzkoako hainbat udalerritan. Asteazkenean eraikitzen hasiko diren Zubietako plantaren kontrako protestak izan dira, eta Donostian jende andana elkartu da.

Gipuzkoako hiriburuan, Aldundiaren egoitzaren aurrean egin dute protesta "Erraustegirik ez, ez gure izenean" lelopean, eta erraustegiaren proiektua gelditzeko eskatu diete agintariei.

Adierazi dute ezin dela inposatutako erraustegi bat onartu, eta gogoratu dute datozen 35 urteetan herritarren osasuna, ingurumena eta ekonomia gogor kaltetuko dituela.

Era berean, gaineratu dute Gipuzkoak ongi baino hobeto erakutsi duela badagoela alternatiba hondakinak errausteari, Gipuzkoako udalerrien erdia baino gehiagotan kudeaketa alternatiboa egiten dutelako. Bide horri jarraitzea beharrezkoa dela esan dute.

Erraustegia oraindik eraiki gabe egotea herritarrek lorturiko garaipena dela ere esan dute.

Asteazkenean hasiko dira erraustegia eraikitzeko lanak, Zubietan. 2013az geroztik egon dira geldirik, urte hartako azarotik.