Itxi

Gizartea

Erasoa

Ernaik zaborra jaurti du EAJren Donostiako egoitzan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Gainera, pintada bat egin dute eta Ernairen sinadura duen pankarta bat jarri dute.

Aurpegia estalita zeramaten Ernaiko zazpi kidek zaborra jaurti dute gaur arratsaldean EAJren Donostiako egoitzan. Gainera, pintada bat egin dute eta Ernairen sinadura duen pankarta bat jarri dute.

EAJtik azaldu dutenez, kaputxadunek egoitzaren lorategian barrena egin dute, baina ez dira eraikinaren barruan sartu.

Bertan, hondakinak jaurti dituzte, eta "Erraustegia geldituko dugu" idatzi dute horma batean.

EAJ egoitza erasoa

Argazkia: EiTB

Era berean, "mafiosoak" eta beste hainbat irain dituen pankarta bat jarri dute.

Kanpoaldetik, kaputxadunekin batera zegoen pertsona batek egindakoa grabatu du.

EAJk salaketa jarri du, eta Ertzaintza bertaratu egin da, ikerketa abiatzeko.

Sorturi erantzuteko deia

EAJren GBBk erasoaren aurrean duen iritzia agertzeko eskatu dio Sorturi. Era berean, prentsa-ohar batean salatu du "errealitatetik eta herri honen martxatik eta etorkizunetik kanpo" daudela "eraso zuzenak egiten dituztenak eta kaputxaren atzean koldarki ezkutatzen direnak".

"Kasu honetan, kaputxa horrek izena du, Ernai, Sorturen gazte erakundea. Erratu egin dira bai formetan (mehatxu pintaketak eta zaborra jaurtitzea) eta sakonean, gipuzkoarren gehiengoak dagozkion erakundeen bitartez hartutako erabakiaren kontra doazelako", gaineratu du.

Ernaik bere gain hartu du erasoa

Donostiako Ernaik bideo bat argitaratu du Twitterreko kontuan erasoa bere gain hartzeko.

Era berean, bideoarekin batera hainbat mezu zabaldu dituzte: "Mafiosoak, zuenak egin du! Zaborra zarete!".