Gizartea
Gasteiz
Iruña-Veleiako ustezko iruzurraren ahozko epaiketa ireki du epaileak
agentziak | erredakzioa
Epaileak uste du “egiaztatuta” dagoela indusketaren arduradunek piezak faltsutu zituztela “apartekoak” balira bezala aurkezteko.
-
Iruña-Veleian aurkitutako inskripzioak. Argazkia: EITB
Gasteizko Instrukzio Auzitegiko epaileak Iruña-Veleiako (Araba) indusketako ustezko iruzurraren ahozko epaiketa irekitzea agindu du. Eliseo Gil indusketaren zuzendaria auzipetuta dago bertan lan egin zuten beste batzuekin batera, iruzur jarraitua eta ondare publikoa kaltetzea egotzita.
2005 eta 2006 artean Araban aurkitu zituzten kristo aurreko III. mendeko erromatarren arrastoak faltsutzea egozten diete.
Gilek garai hartan esan zuen "aparteko" 400dik gora pieza aurkitu zituztela euskarazko eta latinezko idatziekin. Horrek hankaz gora jarri zituen euskararen jatorriaren eta kristautasunaren iritsieraren inguruko teoriak.
Susana Junquera epaileak uste du indusketaren zuzendaria eta gainerako auzipetuak ados jarri zirela piezetan euskaraz idatziak eginda "etekin ekonomikoa eta prestigio profesionala" lortzeko.
Autoan agertzen denez, erromatar garaiko arrasto horietan egindako kaltea 600 euro ingurukoa zen pieza bakoitzean.
Epaileak azpimarratu du Espainiako Ondare Kulturalaren Institutuak eta Kultur Ondarea zaintzeko Kontserbazio Goi Eskolak "egiaztatu" dutela pieza horiek ez zirela benetakoak.
Txosten horien aurrean, indusketaren arduraduna gainerako auzipetuekin jarri omen zen harremanetan "aparteko grafitoen" existentzia justifikatzeko "plan bat egiteko". Horretarako, txosten "faltsuak" egin zituztela uste dute.
Auto horren bidez, Fiskaltzak eta akusazioek 10 eguneko epea dute ahozko epaiketa has dadila eskatzeko eta akusaziorako edo artxiborako eskaera idazteko.