Gizartea
Hilketa bikoitza Alcobendasen
Eibarko Udalak hilketen aurkako elkarretaratzea deitu du
eitb.eus
Bozeramaleen Batzordeak osteguneko 20:00etarako deitu du bilkura, udaletxearen Plazan, eta, gainera, biktimen senideei elkartasuna helaraziko diete.
Eibarko (Gipuzkoa) Udalak elkarretaratzea deitu du bihar, osteguna, 20:00etan atzo Alcobendasen (Madril) emakume baten eta horren semearen hilketak salatzeko.
Ertzaintzak EiTBri baieztatu dionez, emakumea, Rakel Lopez Airas, Eibarkoa zen, baina Bilbon ere bizi izan zen. Egun, Alcobendasen zuen bizitokia.
Antza denez, emakumearen bikotekideak hil ditu biak eta, orain, Polizia horren bila ari da. Zenbait iturriren arabera, bikotekideak senide bati deitu zion egindako aitortzeko, eta horrek eman zion Poliziari gertatutakoaren berri.
Hortaz, itxura guztien arabera, hilketa matxista da gertatutakoa. Gizonezkoak ez zuen harengandik urruntzeko agindurik, eta ez omen zegoen tratu txarren salaketarik jarrita horren kontra.
Hilketa matxista izan dela baieztatuko balitz, 2017an Espainiako Estatuan bikotekide edota bikotekide ohiak hildako 22. emakumea litzateke honakoa. Adingabeari dagokionez, 2017ko laugarrena litzateke.
Bestalde, Alcobendasko Udalak bi dolu-egun deitu ditu, eta banderak haga erdian egongo dira.
Nahiz eta kasu honetan euskal erakundeek ez duten honelako hilketen kasuan martxan jartzen den Erakunde arteko Ekintza eta Koordinazio protokoloa aktibatu behar izan, hildako emakumea ez dagoelako Euskadi erroldatua (kasu honetan Alcobendaseko Udalak aktibatu du protokoloa), Emakunde harremanetan izan da une oro Eibarko eta Acobendaseko alkateekin eta Eibarko Udalak biharko deitutako kontzentrazioan parte hartuko du Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak, erakundeak ohar baten bidez zabaldu duenez.
-------------------------------------------------------------------
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.