Itxi

Gizartea

Indarkeria matxista

Eibarko emakume bat eta 12 urteko semea hil dituzte Alcobendasen

Agentziak | Erredakzioa

Ustezko hiltzailea emakumearen bikotekidea da, "zigor aurrekari larriak" dituen gizon bat. Polizia haren bila dabil.

1:17

Gipuzkoako 44 urteko emakume bat eta horren 12 urteko semea hil ditu ustez haren bikotekideak Alcobendasen (Madril). Ama-semeen gorpuak etxean topatu dituzte, labankada ugari zituztela, odolustuta.

Ertzaintzak EiTBri baieztatu dionez, emakumea, Rakel Lopez Airas, Eibarkoa zen, baina Bilbon ere bizi izan zen. Egun, Alcobendaszen zuen bizitokia.

Hilketaren berri eman duen telefono-deia jaso dute 10:50ean 112 larrialdietarako zerbitzuan. Polizia iturrien arabera, ustezko hiltzailearen senide batek deitu du, gizonak hilketa aitortu ostean.

Polizia eta medikuak etxebizitzara heldu direnerako, ama-semeak hilda zeuden.

Itxura guztien arabera, hilketa matxista da gertatutakoa. Gizonezkoak ez zuen harengandik urruntzeko agindurik, eta ez omen zegoen tratu txarren salaketarik jarrita horren kontra.

Espainiako Polizia emakumearen bikotekidearen bila dabil, hiltzailea delakoan. Gizonak "zigor aurrekari larriak" ditu.

Miguel de los Toyos Eibarko alkateak Bozeramaileen Batzordea deitu du asteazken honetarako, hilketaren aurrean erantzun bateratua adosteko, eta herrian bizi diren biktimaren senideekin harremanetan jarri da.

Bestalde, Alcobendasko Udalak bi dolu-egun deitu ditu, eta banderak haga erdian egongo dira.

Hilketa matxista izan dela baieztatuko balitz, 2017an Espainiako Estatuan bikotekide edota bikotekide ohiak hildako 22. emakumea litzateke honakoa. Adingabeari dagokionez, 2017ko laugarrena litzateke.

-------------------------------------------------------------------

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.