Itxi

Gizartea

Cabacas auzia

Cabacas familiak beste hiru ertzainen aurkako helegitea aurkeztuko du

Agentziak | Erredakzioa

Halaber, abokatuak “positibotzat” jo du Ertzaintzako hiru bururi ahozko epaiketa irekitzen dion autoa, akusazioak mantentzen duen tesia jasotzen duelako.

1:13
Iñigo Cabacasen aita

Jone Goirizelaia Iñigo Cabacasen familiaren abokatuak “positibotzat” jo du Ertzaintzako hiru bururi ahozko epaiketa irekitzen dion autoa, akusazioak mantentzen duen tesia jasotzen duelako. Halaber, “segur aski” beste hiru ertzainen aurkako helegitea aurkeztuko duela adierazi du.

Iñigo Cabacasen oroimenean ekitaldi bat egin dute Gizarte Zientzien eta Komunikazio Fakultatean, eta, arduragabekeriazko hilketa leporatuta, Ertzaintzako hiru arduradunen aurkako ahozko epaiketa ireki duen autoa baloratu du Goirizelaiak.

Cabacas familiaren abokatuak esan duenez, autoaren berri komunikabideen bitartez izan dute, eta “ofizialki” asteazken honetan izatea espero du, aztertzeko. Halere, “ebazpenak kanpoan utzi dituen hiru pertsonen aurkako prozesuarekin aurrera jarraitzeko nahikoa zantzu badaude”, azpimarratu du.

Behin autoa aztertuta, hiru ertzain horiek ez auzipetzeko “nahikoa argudio” egonez gero, “segur aski, ia ehuneko ehunean, helegitea aurkeztuko dugu”, esan du, bai erreformazkoa epailearen aurrean edota apelaziozkoa auzitegiaren aurrean.

Autoaren balorazioa

Goirizelaiak “positibotzat” jo du Ertzaintzako hiru bururi ahozko epaiketa irekitzen dion autoa, akusazioak mantentzen duen tesia jasotzen duelako. “Orain ez du akusazioak esaten, ebazpen judizial batek baizik”, azpimarratu du.

Ebazpenaren arabera, duela bost urte izandako gertaerak “hala izan ziren, eta, argi eta garbi, ez zen beharrezkoa erabili zen indarra erabiltzea, ezta egin zena egitea ere, gauzak beste modu batean egin izan balira, segur aski, Iñigo hemen izango litzateke”.

Halaber, auto judizialak Ertzaintzaren kargari buruz jasotzen duena azpimarratu du: “ez zen beharrezkoa, gehiegizkoa izan zen, arauen aurka jardun zen, arduragabea izanik”. Emandako aginduak ez zirela une hartan indarrean zegoen araudiaren “neurrikoak” izan gaineratu du.

Goirizelaiaren hitzetan, Ertzaintzako hiru arduraduni ahozko epaiketa irekitzea ebatzi den arren, ez dago gertaeren zuzeneko egilerik auzipetuta, eta “tiro egin zuten hiru pertsonak ikertu behar diren tesia” mantentzen dutela azpimarratu du.

Erabakia errespetatzen duela dio Eusko Jaurlaritzak

Ertzaintzako hiru bururi ahozko epaiketa irekitzen dion autoa errespetatzen duela eta ondorioak ere errespetatuko dituela adierazi du Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak. Ildo horretatik, gertaera jazo zenean auzipetutako ertzainek betetzen zituzten karguak kendu dizkietela gogoratu du.

Hala, auzipetuek haien defentsarako abokatu partikularrak dituztela nabarmendu du Erkorekak. Dena dela, Eusko Jaurlaritzak erantzukizun zibilaren ardura bere gain hartu behar duela aitortu du, bere esku dauden agenteak baitira.

Halaber, Eusko Jaurlaritzak hasieratik izan duen helburua “lehenbailehen gertaerak guztiz argitzea” izan dela azpimarratu du Erkorekak.