Gizartea
Errefuxiatuak
Urkulluk errefuxiatuentzako bisatu humanitarioen bidea defendatu du
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Lehendakariaren arabera, euskal gizarteak ezin du onartu modu akritiko batean Europar Batasunak arazo honi emandako erantzun "murritza eta eraginik gabea".
Iñigo Urkullu lehendakariak errefuxiatuen krisiaren aurrean "erantzun eraginkorra" emateko eskatu dio Europar Batasunari. Horrez gain, "bisatu humanitarioen" bidea proposatu du, gerra eta miseriatik ihes egiten ari direnak Europar Batasuneko herrialdeetan sartzeko erraztasunak izateko.
Euskal gizarteak ezin du onartu modu akritiko batean Europar Batasunak arazo honi emandako erantzun "murritza eta eraginik gabea". Errefuxiatuen harrerari dagokionez, Europak hartutako konpromisoen % 20 bakarrik bete duela ere gogorarazi du.
Bi proposamen eskaini ditu Urkulluk. Lehenengoa, "laguntza sistema osagarri" bat osatzea da, Eusko Jaurlaritzak, Udalak, Foru Aldundiak, erakunde sozialak eta Espainiako Gobernuak lankidetza egituratu baten bitartez, errefuxiatuei harrera egiteko.
Bigarrena, instituzio eta erakunde sozialen artean,"bisatu humanitarioen" bidea sortzea. Horrela, larrialdiko egoera batetik ihesi dauden pertsonak Europar Batasuneko herrialdeetan sartzeko erraztasunak izateko.
Euskal instituzioen eta gizarte zibilaren konpromisoa eskaini ditu lehendakariak, errefuxiatuen harreran "aktiboki laguntzeko" eta horien eskumenen eta ahalbideen esparruan behar dituzten bitarteko eta baliabideak jartzeko.