Gizartea
Cabacas auzia
3 ertzainen aurka ahozko epaiketa hasiko dute Cabacasen heriotzagatik
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Iñigo Cabacasen familiak sei ertzain epaitzea eskatu zuen, zuhurtziagabekeriazko giza hilketa leporatuta.
Cabacas auziaren instrukzioa egin duen Ana Torres Bilboko 10. Instrukzio Epaitegiko epaileak Ertzaintzako hiru arduradunen kontrako ahozko epaiketa abiatzea ebatzi du, arduragabekeriazko hilketa leporatuta. Ertzain batek jaurtitako pilotakada batek jota hil zen Iñigo Cabacas Athleticeko jarraitzailea 2012ko apirilean, Athleticen eta Alemaniako Schalke 04 taldearen arteko futbol partidaren ostean izandako istiluetan.
Halaber, ahozko epaiketa hasteko autoa kaleratu du epaileak, hain zuzen ere, heriotzaren bosgarren urteurrena betetzear denean. Auto berean, beste hiru ertzainen kontrako ekinbideak artxibatzea erabaki du.
Inputatutako ertzainak Maria Diaz de Haro kaleko operatiboan parte hartu zuten Ertzaintzaren hiru furgonetetako kideak dira. Ertzainak kalean sartu eta gomazko pilotekin tiro egiten hasi ziren, Iñigo Cabacas larriki zaurituz. Egun batzuk geroago, apirilaren 9an, ospitalean hil zen.
Iñigo Cabacasen defentsak sei ertzain auzipetzea eskatu zuen, zuhurtziagabekeriazko giza hilketa leporatuta.
Epailearen esanetan, epaitutako gertaeren unean hiru furgonetetako arduradunak zirenei lanbide zuhurtziagabekeriagatik hilketa delitua leporatzeko zantzuak egon daitezke. Gaineratu duenez, gomazko pilotak jaurtiz "onartu ezinezko arrisku egoera bat sortu zuten, zoritxarreko ondorioak izan zituena; hain zuzen ere, beren funtzioa hiritarren segurtasuna bermatzea zenean".
Dena dela, “tiroaren egilea nor izan zen jakiteko ‘Cabacas auzia’ren instrukzio fasean zehar ahalegin handia egin den arren”, tiro nork egin zuen argitzea “ezinezkoa” izan dela gaineratu du. Ildo horretatik, epailearen aurrean deklaratu duten agente guztietatik soilik bik tiro egin zutela onartu dutela esan du, “agente gehiagok pilotak jaurti zituztela nahiko frogagarria izan arren”.
Era berean, jaurtitako pilota bakoitzak egindako ibilbidea zehaztea “nahiko harrigarria” izango litzatekeela adierazi du, izan ere, agenteek gomazko pilotak erabili ondoren hiru pertsona zauritu zirela esan du. Gainera, kalezuloko karpan eta erakusmahaian sortutako kalteak aipatu ditu.
“Egindako izapide guztien ondoren, kalezuloan zeuden pertsona batzuek agenteei objektuak bota zizkietela zantzuak agertu dira”. Ildo horretatik, poliziak egindako karga objektu horiek bota baino lehen edo ondoren egin zen argitzea ez dela garrantzitsuena nabarmendu du. Bere esanetan, Iñigo Cabacas hil zuen gomazko pilotaren jaurtiketa “neurrizkoa, beharrezkoa eta arrazoitua” izan zen argitzea da garrantzitsuena.
Epaileak gogoratu duenez, ez zen erabilitako armen inguruko miaketarik egin, eta, ondorioz, ez zen tiro nortzuk egin zuten argitzeko aukerarik egon.
Tiro egiteko aginduak
Ana Torres epaileak ziurtatu duenez, inputatutako Ertzaintzako hiru arduradunek tiro egiteko agindua eman zuten zuzenean, edo, beste modu batera esanda, goi kargudun batek oinarrizko printzipio profesionalak urratuz kautxuzko pilotak jaurtitzeko baimena eman zien agenteei.
Gauzak horrela, “agenteek tiro egin zuten tokitik jendea bilduta zegoen kalezulora” ez zegoela distantzia handirik baieztatu du, eta horrek ondorio hilgarriak izan zitzakeela gaineratu du.
Era berean, jaurtitako gomazko pilotek bertan bildutako pertsonen segurtasuna nahitaez arriskuan zutela esan du, kalezuloaren izaerari dagokionez eta agenteek tiro egin zuten tokiari erreferentzia eginez.
Bere esanetan, “bertatik irteteko hain aukera gutxi egonik, argi dago jendea harrapatuta gera daitekeela ikara nagusi den egoeretan”.
Hala, bertan bilduta zeuden pertsonei sakabanatzeko aukera ukatu zitzaiela esan du epaileak. Ondorioz, ertainek jaurtitako gomazko piloten aurrean pertsona gehienek inguruko tabernetan sartu edo kaleko altzariekin haien burua basten saiatu zirela esan du, pilotakada bat jasotzeko arriskua zuten arren.
Epailearen esanetan, gomazko pilotak jaurti zituzten unean ez zen erabaki hori arrazoitu zezakeen ekintza larririk gertatu. Tiro egiteko baimena eman zen tokitik pertsona bat hiltzeko arriskua zegoen, pertsona horri buruan kolpatuz gero. Hala, distantzia horretan tiro egiten duen agenteak ezin duela pilotak egingo duen ibilbidea kontrolatu ziurtatu du epaileak.
Ildo horretatik, inputatutako ertzainek herritarren segurtasuna bermatzeko beharra zutela nabarmendu du Ana Torresek.
Hiru egunen buruan epaiaren kontrako helegitea jartzeko aukera egongo da, eta, bost egunez, apelazioa jartzeko aukera. Gainera, hiru ertzainek izandako jokaeraren kontrako auzia artxibatzeko erabakiaren aurrean helegitea jartzeko aukera egongo da, hogei egunen buruan.
Manu Cabacas: “Ez daude guztiak”
Manu Cabacas Iñigoren aitak Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean ziurtatu duenez, inputatutako ertzainen artean ez dago bere semearen “hiltzailea” (lekura “daukagun guztiarekin” sartzea agindu zuen Deustuko polizia-etxeko ertzain-buruari erreferentzia eginez).
“Ez daude bertan izan ziren guztiak. Arduradun nagusia ez dago“, ziurtatu du.
“, ziurtatu du.