Itxi

Gizartea

Etapa berria

Forondako aireportura iritsi da lehen hegaldi komertziala

Agentziak | Erredakzioa

Bergamotik iritsitako hegaldia etapa berria ireki du Arabako aireportuan. Gainera, bihar Loiuko aireportuak hegaldiak estreinatuko ditu Edinburgora, Tenerifera eta Casablancara.

  • Argazkia: EiTB

Igande honetan hegaldi komertzialak itzuli dira Forondako aireportura. Ryanair-en eskutik, asteko loturak izango dira Bergamo-Milanekin eta Teneriferekin, Euskadi Irratiak jakitera eman duenez.

Gaurko txartel gehienak salduta daude. Orain hegaldi komertzialak indartzearekin batera, turisten etorreran jarri nahi du arreta Arabako Foru Aldundiak.

16:55ean Bergamotik iritsi da Forondako aireportuan etapa berria ireki duen Ryanairren lehenengo hegaldia. Irlandako konpainiak Bergamo-Milan eta hego Teneriferekin loturak estreinatu ditu 2017an.

Datorren urtean, Mallorca eta Bukarest gehituko zaizkie, eta, 2019an, Malaga. Ryanerren aurreikuspenen arabera, urtean 150.000 bidaiari pasako dira Forondako aireportutik.

Aireportua eta Gasteiz lotuko dituen autobus berriari dagokionez, tiketa doakoa izango da lehenengo hilabetean. Taxia hartzea erabakitzen dutenek 20 euroko tarifa laua ordaindu beharko dute, aireportura iristeko edo bertatik erdigunera joateko.

Loiutik Edinburgora, Tenerifera edota Casablancara joateko aukera

Bestetik, Loiuko aireportuak hiru hegaldi estreinatuko ditu honako toki hauetara: Edinburgora, Tenerifera eta Casablancara. Halere, bertan behera geratuko da udan Loiutik Palmara joaten zen hegaldia.

Gainera, Bizkaiko aireportuan Vueling eta Norwegian Airways operadoreek duten lehiaren ondorioz, astelehen honetatik aurrera 12 hegaldi aterako dira astegunetan Bartzelonarantz, eta beste 12 izango dira handik itzultzeko. Asteburuetan, aldiz, bederatzi; inoiz baino gehiago.