Gizartea
Protesta
Jendetza handia bildu da Donostian, erraustegiaren aurkako martxan
Agentziak | Erredakzioa
Euriak ez ditu ekidin Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak deitutako manifestaziorekin jende ugarik bat egitea.
Gipuzkoako Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak deituta, manifestazio jendetsu batek Donostiako kaleak hartu ditu gaur arratsaldean, Zubietan hondakinak erretzeko errauste-planta bat jartzearen aurka protesta egiteko.
"Alternatiba dagoelako, erraustegirik ez" lelopean egin den martxak hainbat kolektibo ekologistaren (tartean Greenpeace eta Eguzki), alderdi politikoren (EH Bildu, Podemos eta Ezker Anitza-IU) eta sindikaturen (ELA, LAB, CCOO, ESK, Steilas, Hiru, CGT eta CNT) babesa izan du.
Manifestazioa 17:00etan atera da Anoeta futbol-zelai inguruetatik eta hura zabaltzen zenbait zaldizko joan dira. Haien atzetik manifestazioaren leloa zeraman pankarta ikus zitekeen, eta haren ondotik gainerako parte-hartzaileak, euren aterkiei eusten, etengabea izan baita euriaren presentzia ibilbide guztian zehar.
Bertaratu direnen artean Sortu, Aralar, Alternatiba, EA, Podemos eta Ezker Anitza-IU alderdietako agintariak egon dira, eta denekin batera errausketaren eta zaborren erreketaren aurkako oihuak bota dituzte, baita birziklatzearen eta osasunaren aldekoak ere.
18:00ak aldera protesta-martxaren burua Boulevardera heldu da, eta bertaratu direnak kioskoaren bueltan paratu dira jai-giroan eta musika lagun zutela. Ondoren, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduko bi ordezkarik manifestu bat irakurri dute: Ana Aranburuk euskaraz eta Maria Luisa Sanchezek gaztelaniaz.