Gizartea
Azalpena
Zer dela eta gertatzen dira hainbeste lurrikara Nafarroan?
Eitb.eus
1903ko martxoaren 10ean gertatu zen Nafarroako historiako lurrikararik bortitzena. Richter eskalan 5,5 graduko indarra izan zuen lurrikara horrek, eta Iruñean nabaritu zen.
Lurrazaleko plaka tektonikoak uneoro mugitzen ari dira, baina, gehienetan, Lurraren azpian gertatzen den aldaketa hori ez da nabari. Beste batzuetan, berriz, mugimendu horiek oso bortitzak dira eta lurrikarak gertatzen dira. Iberiar penintsulan lurrikarak izateko bigarren eremu arriskutsuenean aurkitzen da Nafarroako iparraldea, soilik Granada eta Murtziaren atzetik (sismikotasun handiena duten bi puntuak dira horiek).
Pirinioetako failak direla eta Nafarroako iparraldean lurrikara ugari gertatzen dira urtean zehar. Duela 40 milioi urte inguru, Iberiar penintsularen eta Europako kontinentearen plaka tektonikoek talka egin zutenean sortu zen mendilerroa.
Eremu horretan, lurzorua parte ezberdinetan zatikatuta dago, eta failek Lurraren azpian gertatzen diren mugimenduek eragiten duten tentsioa mantentzen dute. Kasu batzuetan, tentsio hori kanporatu egiten da eta lurrikarak gertatzen dira. Dena dela, askotan oso indar txikia dute eta ezin dira nabari.
Nafarroan, duela 104 urte gertatu zen historiako lurrikararik bortitzena. Zehazki, 1903ko martxoaren 10ean izan zen. Richter eskalan 5,5 graduko indarra izan zuen lurrikara horrek, eta Iruñerrian dardara nabaritu zen.
Garai hartan, Iruñean 30.000 biztanle inguru zeuden, eta familia gehienak baserrietan bizi ziren. “Denbora igaro ahala, etxe berriak eraiki dituzte, uholdeak izateko arriskuak edota sismikotasuna bezalako faktore garrantzitsuak kontuan izan gabe”, azaldu du Antonio Aretxabaletak, lurrikaren inguruan gehien ikertu duen geologoetako batek.
Gainera, 2012. urteko lehortearen ostean, euri-jasa handiak egon ziren. Eguraldiaren aldaketa bortitz horrek ondorioak izan zituen plaka tektonikoen mugimenduetan, eta lurrikara ugari egon ziren.
Ildo horretatik, XX. mendetik 60ko hamarkadaren amaierara arte eraikinetan kalitate eskaseko materialak erabili zirela ohartarazi du. Aretxabaletak etxebizitzen tximiniak edota erlaitzak aipatu ditu adibide gisa.
Nafarroan lurrikarak gertatzeko arriskuaren inguruan ikerketa ugari daudela azaldu du geologoak. “Batzuen arabera indar gutxiko lurrikarak gertatzeko arriskua dago Nafarroako iparraldean, Frantzian egindako beste ikerketa batzuen arabera indarra adierazgarria izan daitekeela dioten arren”, esan du Aretxabaletak.
Dena dela, azken urteotan plaka tektonikoen mugimendua ez da hain bortitza izan eta lurrikara gutxiago gertatu dira.