Gizartea
Lurrikara
Hiru erreplika jazo dira Nafarroan, Iruñerriko lurrikararen ostean
EITB.EUS
2,4 eta 3,3 gradu artekoak izan dira, eta Eguesibarren, Erripan eta Larraintzarren jazo dira.
Lurra hainbatetan mugitu da berriz Nafarroan, gaur goizean 4,2 graduko lurrikara batek Iruñerria astindu eta gero. Nolanahi ere, ez da inor zauritu, eta badirudi ez dagoela kalte material handirik.
Espainiako Geografia Institutuak jaso dituen datuen arabera, lehenengo lurrikara 07:43ean izan da, 4,2 graduko indarra izan du eta epizentroa Orikainen kokatu dute.
Ondoren, 9:27ean, lehen erreplika jazo da. Kasu horretan 2,5 graduko indarra izan du eta Eguesibarren kokatu da epizentroa.
Hirugarren dardara Erripan izan da, 15:21ean, 3,3 gradukoa.
Eta laugarren dardara eta hirugarren erreplika Larraintzarren izan da, 17:38an, eta 2,4 gradukoa izan da.
Lehen lurrikara Gipuzkoan eta Lapurdin ere nabaritu da; Hendaia eta Zarautz arteko udalerrietan, bereziki. SOS Deiak larrialdi zerbitzuek jakinarazi dutenez, ordea, "ez du ondoriorik izan".
Herri ugaritan nabaritu dute, hala nola Hendaian, Irunen, Oiartzunen, Errenterian, Donostian, Astigarragan, Hernanin, Tolosan eta Zarautzen.
Herritarrek dardara txikia sentitu dute etxe barruetan, altzariak eta apalak mugitu, eta kalean zeuden oinezko batzuek martxa gelditu dute.
SOS Nafarroak ez du irteerarik egin
Foru Gobernuak baieztatu du SOS Nafarroa zerbitzuak ez duela ekipo bat ere ez mugiarazi lurrikararen ondorioz.
Zehaztu duenez, dardara "Iruñerria osoan sentitu da, epizentroa lurrazaletik oso gertu izan duelako", halere, "momentura arte ez da kalte materialik ezta zauriturik zenbatu".
Larrialdietarako zerbitzuak, baina, "ehunka dei jaso ditu, hori dela eta, lurrikararen gaineko informazioa izateko 112 zenbakira ez deitzea eskatu die herritarrei, soilik kalteen berri emateko".
Gobernuaren datuen arabera, Nafarroako eraikinen kalitatearen maila nazio mailakoa baino altuagoa da, eta arrisku sismikoa "txikia" da.