Gizartea
Emakumeen kontrako indarkeria
Abokatu bat ofizioko txandatik kendu dute, tratu txarrak egotzi ostean
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gipuzkoako Abokatuen Elkargoak hartu du erabakia. Donostiako epaitegi bat Alonso Belza ikertzen ari da, bikotekideari ustez tratu txarrak emateagatik.
Gipuzkoako Abokatuen Elkargoak (Icagi) Ofizioko Txandatik erretiratu du Gipuzkoan indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen ofizioko abokatu lanetan aritzen den Miguel Alonso Belza, "kautelazko neurri gisa". Donostiako epaitegi bat Alonso Belza ikertzen ari da, bikotekideari ustez tratu txarrak emateagatik.
Emakumeen kontrako indarkeria kasuetarako Donostiako epaitegiak bere bikotekidearengandik urruntzeko agindua eta berarekin harremanetan jartzeko debekua ezarri dio abokatuari, harik eta bere kontrako auzia argitu arte.
Haren abokatuak, Juan Roman Zubillagak, ukatu egin ditu akusazioak, eta urruntze aginduaren aurka Gipuzkoako Auzitegian helegitea aurkeztu dutela azaldu du.
Atzo Alonso Belzaren kontrako salaketa publiko egin ostean, Gipuzkoako Abokatuen Elkargoak ohar bat kaleratu du. Azaldu duenez, "aho batez" hartu dute Alonso Belza Ofizioko Txandatik "kautelazko neurri gisa" erretiratzeko erabakia, zerbitzuaren "funtzionamendu arrunta" bermatzeko helburuz.
Bestalde, Abokatuek Elkargoak erabateko errespetua agertu du abian den auzibidearekiko eta Alonso Belzaren errugabetasun printzipioa defendatu du. Aldi berean, Elkargoko abokatuek indarkeria matxista desagerrarazteko konpromiso irmoa dutela azpimarratu du.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.
uzten fakturan.