Itxi

Gizartea

Donostia

Nagore Laffage auziko abokatua inputatu dute, tratu txarrak egotzita

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Bikotekideari tratu txar ohikoak ematea egotzi dio Donostiako epaile batek Miguel Alonso Belzari.

  • Indarkeria matxistaren aurkako protesta bat. EiTB

    Indarkeria matxistaren aurkako protesta bat. EiTB

Gipuzkoan indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen abokatu lanetan aritzen den Miguel Alonso Belza (Nagore Laffageren familiaren abokatua) inputatu egin du Donostiako epaitegi batek, bikotekideari ustez tratu txarrak emateagatik.

Testuinguru horretan, epaileak emakumearengandik urruntzeko agindua ezarri dio.

Belza irakasle izan da EHUn, eta Kriminologiako Euskal Institutuko ohorezko kide. Gainera, Gipuzkoako Abokatu Elkargoaren zuzendaritza organoko diputatu zen, baina dagoeneko ez dago karguan, auzi honen ondorioz.

Haren abokatuak, Juan Roman Zubillagak, ukatu egin ditu akusazioak, eta urruntze aginduaren aurka helegitea aurkeztu dutela azaldu du.

Belza genero indarkeriaren biktimak artatzeko zerbitzuaren txandako kide da Gipuzkoan. Doako zerbitzua da biktimentzat, eta bertako abokatuak boluntarioak dira.

Egun, 200dik gora abokatu daude txanda horretan. Bertan lan egiteko, gutxienez hiru urteko esperientzia izan behar dute Elkargoan, eta espezialistak izan behar dira genero indarkerian.

Belzaren aurkako autoaren arabera, abokatuak eraso 'fisikoak, psikikoak eta girokoak' egin zizkion bikotekideari iazko apiriletik abendura.

Horrenbestez, tratu txar ohikoak ematea eta emakumea jazartzea egotzi dio epaileak.