Gizartea
Cabacas auzia
'Justizia kenduko digute, baina denek dakite zer gertatu zen'
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Justizia ez dela berdina guztientzat salatu du Iñigo Cabacasen aitak, Bilboko epaitegiaren aurrean egindako kontzentrazioan. Bi ertzainek lekuko gisa deklaratu dute Cabacas auzian.
"Justizia kenduko digute, baina denek dakite zer gertatu zen", adierazi du Manuel Cabacas Iñigo Cabacasen aitak. Ertzain batek jaurtitako pilota batek jota hil zen Iñigo Cabacas Athleticeko jarraitzailea 2012ko apirilean.
Cabacas auziaren instrukzioa egiten ari den Bilboko 10. Instrukzio Epaitegiko epaileak bi ertzain lekuko gisa deklaratzera deitu ditu gaurko. 2012ko apirilaren 5ean gertaerak jazo ziren tokian kalez jantzita zeuden bi ertzain dira deklaratzera deitu dituztenak.
Lekukoen testigantza hasi baino lehen Manuel Cabacasek hedabideen aurrean adierazi duenez, "Justizia ez da denontzat berdina". Hala ere, bi ertzainen gaurko deklarazioak kasuari ekarpenen bat egingo dion itxaropena agertu du. "Ea zorte pixka bat dugun eta (deklarazioak) mesede egiten digun; izan ere, orain arte kontrakoa gertatu da", esan du.
Jone Goirizelaia Cabacas familiaren abokatuak bi ertzain horiek deklaratzera deitzeko eta froga berriak egiteko eskatu zuen. Cabacas auzia instrukzio fasean dago oraindik.
Familiaren abokatua pozik agertu da, baina ñabardurak egin dizkio poztasun horri. Goirizelaiak azaldu duenez, izan beharko lukeen jokabidearen kontrakoa izaten ari da fiskala; izan ere, "ikerketa bultzatu behar du eta froga berriak eskatu".
Goirizelaiaren esanetan, fiskalak ez du instrukzioa bultzatu, alderantziz, kontra azaldu izan da.
Bestalde, bi ertzainek gaur deklarazioan esaten dutenaren arabera erabakiko omen dute froga gehiago eskatu ala ez.