Gizartea
Bilaketa Guadalquivir ibaian
Marta del Castillo Guadalquivir ibaian bilatzeko lanen erdia egin dute
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Guadalquivir ibaiko bilaketa bederatzi eremutan banatu dute eta urpekariek erdia baino gehiago arakatu dute dagoeneko.
-
Marta del Castillo bilatzen ari dira Guadalquivir ibaian. Argazkia: EFE
Espainiako Poliziaren Operazio Berezietako Taldeko (GEO) urpekariek Marta del Castilloren gorpua Guadalquivir ibaian bilatzeko lanei ekin diete berriro goizeko bederatzietan, hirugarren egunez jarraian. 2009an hil zuten gazte sevillarraren gorpua bilatzen ari dira, Guadalquivir ibaian aurretik arakatu ez duten eremu batean.
Astelehenean hasi zituzten Guadalquivir ibaiko bilaketa lanak eta litekeena da astea bukatu arte luzatzea, Poliziaren iturriek jakinarazi dutenez.
Guadalquivir ibaiko bilaketa bederatzi eremutan banatu dute (Barqueta eta Alamill zubien artean) eta urpekariek erdia baino gehiago arakatu dute dagoeneko.
Atzo goizean zehar, Operazio Berezietako Taldeko urpekariek hainbat objektu atera zituzten Guadalquivir ibaitik, tartean, hiru hormigoi bloke eta hezur bat. Dena den, objektuak aztertu ondoren, hezurra behi bati zegokiola eta hormigoi blokeek ikerketarekin zerikusirik ez dutela ondorioztatu dute adituek.
Armadako bi txalupak aldez aurreko ikuskatze-lanak egin zituen asteburuan ibaian, eta intereseko 800 puntu aurkitu zituzten.