Itxi

Gizartea

Hondakinak

Atzera bota dute Zubietako erraustegiaren aurkako beste helegite bat

Agentziak | Erredakzioa

Zubietako erraustegiaren esleipena ez dute kautelaz bertan behera utziko, ingurumen-inpaktuaren adierazpena iraungitzeagatik, GuraSOS plataformak eskatu zuen moduan.

  • Zubietako erraustegia

    Zubietako erraustegia

Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak atzera bota du gaur GuraSOS plataformak Zubietako erraustegiaren esleipena kautelaz bertan behera uzteko egindako eskaria. Ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren iraungitzea eta Eusko Jaurlaritzaren baimena argudiatu zituzten helegitea jartzeko.

Erabaki honek bat egin du joan den urtarrilaren 30ean auzitegi berak hartutakoarekin. Epai hark ere esleipena bertan behera uztea baztertu zuen. Orduko erresoluzioak GuraSOS erraustegiaren aurkako plataformaren eskaria baztertu zuen. Izan ere, epaiaren arabera, "hiritarrek prozesuan parte hartzeko zuten interesak" ezin zuen "Gipuzkoako hondakinak kudeatzeko erraustegia eraikitzeko interes publikoaren" gainetik egon. Beraz, Jose Ignacio Asensio Ingurumen Saileko foru diputatuak "behin betiko" esleipena sinatu zuen.

Gaurko epaiaren arabera, "demokratikoki aukeratutako instituzioak dira hiritarren interesak ondoen ordezkatzen dituztenak, hondakinak deuseztatzeko eredu jakin bat ezartzeko orduan".

Jose Ignacio Asensio Ingurumen Saileko foru diputatua pozik agertu da ebazpena dela eta, "hiritarrak aspertu dituen urtetako liskarra" amaitu delako.

"Orain, azkenean, hondakinen arazoa behin betiko konpontzetik gertu gaude, Gipuzkoak ezin duelako gehiago itxaron", azpimarratu du.