Itxi

Gizartea

Sexu abusuak

Gazteluetako irakasle ohiak sexu abusuak ukatu ditu epailearen aurrean

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Irteeran defentsaren abokatuak adierazi duenez, irakasle ohiak aurrez egindako deklarazioa berretsi du instrukzio-epailearen aurrean, eta ez du datu berririk erantsi.

1:09

Leioako (Bizkaia) Gaztelueta ikastetxeko ikasle bati sexu abusuak egiteagatik auzipetutako irakasle ohiak akusazioak ukatu ditu ditu instrukzioko epailearen aurrean, eta prozesatze-autoarekin ez dagoela batere ados adierazi du.

Irakasle ohia Getxoko epaitegian izan da gaur, instrukzioko epailearen aurrean deklaratzeko. Irteeran Eduardo Ruiz de Erenchun defentsaren abokatuak kazetariei egindako adierazpenetan esan duenez, bere bezeroak aurrez egindako deklarazioa berretsi du eta ez du datu berririk erantsi. Ildo horretan, kontu guztiak epaiketan argituko direla gaineratu du.

Defentsaren abokatuaren esanetan, Gazteluetako irakasle ohiaren deklarazioa "oso laburra" izan da eta leporatzen zaizkion ekintzak ukatu ditu. Gainera, prozesatze-autoarekin ez dagoela batere konforme esan omen du.

Familiaren abokatuak azaldu duenez, auzipetuak deklaratzeari uko egin dio, eta, beraz, ez da inolako galdeketarik izan. Orain, epaileak ondorioen autoa eman beharko du, auzia Bizkaiko Probintzia Auzitegiaren esku utzi aurretik.