Gizartea
TRAFIKO ISTRIPUA
Usurbilgo istripuagatik atxilotutako gaztea, epailearen esku
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eguerdian eraman dute epailearen aurrera deklaratzera. 28 urteko bilbotarrari egindako droga eta alkohol kontrolaren emaitza negatiboa izan zen. Ertzaintzak ikerketa zabalik du.
-
Bi lagun hil ziren AP-8an, Usurbil parean, atzo izandako trafiko-istripuan.
Usurbilen istripua eragin zuen autoko gidaria epailearen aurrera eraman dute, gaur eguerdian, deklaratzera. Bide segurtasunaren kontrako delitua egotzita atxilotu zuten, atzo, 28 urteko bilbotarra. Hainbat kilometro kontrako norabidean egin ostean, AP-8an, anbulantzia bat jo zuen aurrez aurre.
Ezbeharraren ondorioz, bi pertsona hil ziren, gizonezko bat eta emakumezko bat, eta zortzi arin zauritu. Bost lagunentzako lekua zuen autoan sei pertsona zihoazen, eta horietako bi zendu ziren, istripuaren tokian bertan.
Ertzaintzak ikerketa zabalik du, gertatutakoa argitzeko. Atxilotutako gazteari egindako droga eta alkohol kontrolaren emaitza negatiboa izan zen.