Itxi

Gizartea

Gasteizen

Araba Garoñarik Gabek manifestazioa deitu du martxoaren 18rako

Agentziak | Erredakzioa

Espainiako Kongresuko alderdi politikoei presio egin dezaten eskatu die plataformak. Halaber, Eusko Jaurlaritzaren jarrera kritikatu du.

1:17

Araba Garoñarik Gabe plataformak manifestazioa deitu du martxoaren 18rako, Gasteizen. Alberto Frias elkarteko bozeramaileak jakinarazi duenez, Garoñako zentral nuklearraren behin betiko itxiera eskatzeko antolatu dute manifestazioa.

Ostegun honetan egindako agerraldian, Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak (CSN, gaztelerazko sigletan) egindako txostenaren inguruko balorazioa egin du Friasek. Izan ere, jabeak segurtasun neurri guztiak beteko baditu, Garoñako zentral nuklearra berriz irekitzeko baimena onartuko luke.

Halaber, Eusko Jaurlaritzak izandako jarrera kritikatu du Friasek, Espainiako Gobernuarekin egindako bileretan ez baitu Garoñako zentral nuklearraren itxiera exijitu eta gai horrekiko ?isilik? egotea erabaki duelako.

Era berean, zentral nuklearra berriz irekitzea saihesteko neurriak hartzeko eskatu die Araba Garoñarik Gabe plataformako bozeramaileak Espainiako Kongresuko alderdi politikoei.

Ildo horretatik, Garoñaren itxiera exijitzeko PPren jarduna blokeatu edo Espainiako aurrekontu orokorrak baztertu ditzaketela esan du Friasek. Hala, gehiengo sozial eta politikoa indarrean jarriko litzatekeela azpimarratu du.

Gainera, Rajoyren Gobernuak zentral nuklearren segurtasuna bermatzeko duen betekizuna ez duela bete ziurtatu du Araba Garoñarik Gabe plataformako bozeramaileak. Halaber, Espainiako Fiskal Nagusiak neurriak hartu beharko lukeela gaineratu du.