Itxi

Gizartea

Ikerketa

Donostian lapurtutako haur baten auzia berriz irekitzeko agindu dute

Agentziak | Erredakzioa

1963ko martxoaren 2an jaio zen, baina handik gutxira hil egin zela esan zioten familiari. Dena dela, salaketa jartzea erabaki zuten, haurra lapurtu zutelakoan.

Lapurtutako haurren auziaren harira, ustez 1963an lapurtutako haur baten kasua berriz ikertzeko agindu dio Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak Donostiako Lehen Auzialdiko 3 Zenbakiko Epaitegiari. Ondorioz, epaileak diligentziak irekiko ditu eta datu berriak gaineratu ditzakeen lekuko bat deklaratzera deituko du.

Hala, Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak aintzat hartu du Guillermo Peñak auzia artxibatzearen kontra jarritako helegitea. 1963an Arantzazu Ospitalean (Donostia) jaiotako haur baten izekoak aurkeztu zuen salaketa, familiak susmoa baitzuen jaioberria ez zela hil, eta lapurtu egin zutela.

Sendiak salaketa horretan azaldu zuenez, haurra martxoaren 2an jaio zen, baina hil egin zela esan zieten egun batzuk geroago. Dena dela, gerora datu berriak biltzeko aukera izan zuen familiak, eta argi ikusi zuen jaioberria ez zela hil. Gainera, norbaitek lapurtu egin zuela ondorioztatu zuten.

2011ko maiatzaren 24an, gertatutakoa argitzeko ikerketa abiatu zuen Donostiako Instrukzio Epaitegiak, baina hilabete batzuk geroago, 2012ko abenduaren 29an, auzia behin-behinean ixtea erabaki zuen, ikerketa fasean ez baitzuen inolako delitu zantzurik aurkitu.

Alabaina, lekuko batek ohiz kanpoko gertaera baten berri eman zion epaileari 2016an. Antza denez, adopzioan ematen zituzten haurren ardura zuen lekaime batek nolabaiteko lotura izan lezake egun ikertzen ari diren kasuarekin. Hori dela eta, epaileak deklaratzera deituko du lekuko hori.