Gizartea
Gipuzkoako erraustegia
Sinatu dute Gipuzkoako erraustegia eraikitzeko behin betiko esleipena
Agentziak | Erredakzioa
Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak goizean sinatu du Zubietako erraustegia eraikitzeko agiria.
-
Horrelakoa izango da Zubietako erraustegia. Argazkia: EiTB
Zubietako erraustegia eraikitzeko, kudeatzeko eta esplotatzeko esleipena sinatu du gaur goizean Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatuak. Lanak hilabete eta erdi barru hasiko omen dira.
Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketarako Kontsortzioaren izenean sinatu du agiria eta berretsi egin du egitasmoa Urbaser, LKS, Moyua, Murias eta Altuna eta Uria konpainiek osatutako aldi baterako enpresa-elkarteak gauzatuko du.
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak asteon bota du atzera GuraSOS elkarteak erraustegiaren esleipena behin-behinean geldiarazteko egin zuen eskaera eta ebazpen horren ondotik eman dute lanak abiarazteko baimena.
Aipatu enpresa-elkarteaz gain, Meridian Investments finantzatzio konpainia frantziarrak eta Steinmuller Babcok teknologo alemaniarrak hartuko dute parte erraustegiaren proiektuan, Gipuzkoako Aldundiak ohar baten bidez zehaztu duenez.
Erraustegietako labeetan erabili ohi den teknologiaz arduratzen da Babcok eta, diputazioaren esanetan, “bere alorrean erreferentea da munduan, errekuntzarako 460 unitate eta 49 erraustegi ezarrita”.
Urbasarrek CNTY talde txinatarraren babesa izango duela erantsi du. “Ingurumenean eta hondakinek kudeaketan adituak dira, zazpi erraustegi dituzte eta beste sei eraikitzen ari dira, eta urtean bost milioi tona zabor kudeatuko dituzte”, azaldu du Gipuzkoako Foru Aldundiak.