Itxi

Gizartea

Gipuzkoa

Erraustegia geldiarazteko GuraSOSen eskaria baztertu du Auzitegiak

Agentziak | Erredakzioa

Esleipen prozesuak aurrera jarraituko du. Dena dela, plataformak kasazio errekurtsoa aurkeztuko du. 'Auzi honetan azken hitza ez dute auzitegiek izango. Herritarrok erabakiko dugu', esan du GuraSOSek.

1:32

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak baztertu egin du GuraSOS plataformak Gipuzkoako erraustegiaren esleipen prozesua bertan behera uzteko eskatzen zuen helegitea. Hala, prozesuak aurrera jarraituko du. Dena dela, kasazio errekurtsoa aurkeztuko du plataformak.

Erraustegia eraikitzearen inguruan prozesu parte hartzailerik egon ez dela argudiatu zuen plataformak, baina Administrazioarekiko auzien Salaren 1 zenbakiko Sekzioak ez du aintzat hartu.

Imanol Lasa Gipuzkoako Aldundiko bozeramaileak Twiterren esan duenez, EAEko Auzitegiaren ebazpena "irmoa" da.

 

 

Erabakiaren berri izan ostean GuraSOS elkarteak egindako urgentziazko prentsaurreko batean iragarri duenez, helegitea aurkeztuko dute eta manifestazioa deitu otsailaren 19rako.

Interes orokorra

Epaiaren arabera, "herritarren parte-hartzearen interesa ezin da interes orokorraren gainetik jarri". Hain justu, Gipuzkoako hondakinei buruzko plana interes orokorrekoa dela uste du Auzitegiak, "nahikoa atzeratu den plana, gainera".

Auzitegiaren iritziz, "presazkoa" da Gipuzkoan hondakinak kudeatzeko prozeduraren bat martxan jartzea. Gaur gaurkoz, Kantabriara eramaten dituzte lurraldeko hondakinak, epaiak gogorarazi duenez. Foru Aldundiaren proiektuak "legitimotasun sendoa" du Batzar Nagusiek onartutako Plan Orokorrak eta "beste ebazpen publiko" batzuek babesten dutelako.

GuraSOS elkartearen interesa "sortu berria eta bat-batekoa da", Auzitegiaren aburuz. Epaiak ez du interes horren legitimotasuna zalantzan jartzen, baina aspaldi "onartutako, planifikatu eta programatutako" jarduera publikoak ezin dira horren menpe egon.

Parte hartzea vs proiektu sendo bat

"Ingurumenarekin lotutako proiektuetan herritarren parte hartzea funtsezkoa bada ere, kontuan hartu behar da zelan eta nola gauzatzen den" (kasu honetan, 2016ko uztailaren 5ean, orduantxe sortu baitzen GuraSOS elkartea). Horren aurrean, proiektu jakin batek duen "heldutasun eta sendotasun maila" dago, eta biak alderatuta, "interes orokorra gailentzen da", argudiatu du epaiak.

Erabakiaren kontra kasazio helegitea aurkez dezake plataformak. Horrez gain, EAEko Auzitegi Nagusiak gai beraren inguruko beste helegite bat du mahai gainean, hau ere GuraSOS elkarteak aurkeztutakoa. Ingurugiro baimenaren ingurukoa da bigarren hori.

GuraSOS: beste helegite bat, eta manifestazioa

Erabakia jakin eta berehala, komunikabideen aurrean agertu dira Joseba Belaustegi eta Jose Mari Izeta GuraSOS elkarteko ordezkariak.  "Auzi honetan azken hitza ez dute auzitegiek izango. Herritarrok erabakiko dugu",  esan dute.

Belaustegik aurreratu duenez, bihar beste helegite bat aurkeztuko dute EAEko Justizia Auzitegi Nagusian, Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu berri duten arau bat salatzeko; Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketa Plan Integrala luzatzea adostu zuten 2017ko aurrekontuetan, berez, plan hori 2016an amaitzen bazen ere.

Bestalde, GuraSOS elkarteak manifestazioa deitu du otsailaren 19rako, Donostian, 12:00etan Artzain Onaren Katedraletik abiatuta. 'Elkarrekin gehiago gara. Adostasuna, besterik ez!' leloa izango du martxak.

"Gizarteak sinesten badu akordioan, legearen errespetuan eta partehartze demokratikoan, manifestazioan har dezala parte", esan du Izetak.