Gizartea
HIZKUNTZA POLITIKA
Euskararen Plan Estrategikoa onartu du Nafarroako Gobernuak
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
2016-2019 aldirako plana da, eta Ana Ollo kontseilariak esan duenez, 'herritarrek euskara ezagutzeko eta erabiltzeko duten eskubidea” bermatu nahi da.
Euskararen Plan Estrategikoa 2016-2019 onartu du gaur Nafarroako Gobernuak. Ana Ollo Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak aurkeztu du plana, eta bere hitzetan, hizkuntza ezagutu eta erabili nahi duten nafar guztien eskubideak bermatzea da helburua: Nafarroako errealitate soziolinguistiko guztietara egokituko den plana dela esan du, eta herritarren askatasuna eta borondatea errespetatuko dituena.
Zazpi ardatz estrategiko ditu egitasmoak: erabilera soziala, hiztun berriak, zerbitzu publikoak, prestigioa eta erakargarritasuna, motor ekonomikoa, hizkuntza esparrua eta Euskarabidearen barne kudeaketa.
Planarekin batera, "aginte-taula" bat ere aurkeztu du Ollok; bertan, hainbat adierazle daude jasota, egitasmoaren amaierako balorazio orokorra egiteko erabiliko dituztenak.
Mahai gainean jarri duten plana "errealista, egingarria eta eraginkorra" dela nabarmendu du kontseilariak. Gogora ekarri duenez, Nafarroako Gobernua osatzen duten alderdiek adostutako akordio programatikoan hartutako konpromisoetako bat da euskararen plana diseinatzea eta gauzatzea.
Foru Erkidegoko dozenaka eragileren iritzia hartu da kontuan, plana zehazteko. Administrazioan eta hezkuntzan euskara sustatzea izango da lehentasunetako bat.
Ollok nabarmendu duenez, elkarbizitzarako tresna izan behar du euskarak, gizarte osoa "harro" sentiaraziko duena. "Diagnostikoak agerian utzi ditu herritarren beharrak: euskarara iristeko gabeziak daude eta zenbait esparrutan hizkuntzaren egoera lehenbailehen hobetu beharra dago", esan du