Itxi

Gizartea

sexu abusuak adingabeei

Justiziak Mendizabal zigor dezala eskatu du Clara Campoamor elkarteak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Kasua auzitegietara helduz gero, Clara Campoamor elkarteak akusazio partikular gisa aurkeztuko dela adierazi du. 'Justiziak ezin du beste aldera begiratu', esan du.

  • Juan Kruz Mendizabal, 'Kakux'

    Juan Kruz Mendizabal, 'Kakux'

Justiziak Juan Kruz Mendizabal Kakux Gipuzkoako bikario nagusi zigor dezala eskatu du Clara Campoamor elkarteak, ohar bidez. Bi adin txikikori, 2001 eta 2005 artean, sexu abusuak egitea egotzita, Elizak zigorra ezarri diola jakinarazi du, asteon, Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainak.

Gainera, bi kasu horien berri izan eta biharamunean, hirugarren salaketa bat eman zen argitara. Munillak berak eman zuen horren berri, eta "sinesgarritasuna" eman zion. Ustezko biktimak Berria egunkarian kontatu zuenez, 1994an, Burgiko udaleku batzuetan, egin zizkion sexu abusuak Mendizabalek. Gau batean, kanpadenda batean, bakarrik, lotan zegoela, apaizak lo-zakuaren barruan esku bat sartu, eta zakila eta barrabilak ukitu zizkiola azaldu zuen, beste eskuarekin masturbatzen zen bitartean.

Blanca Estrella Ruiz Clara Campoamor elkarteko presidentearen arabera, litekeena da biktima gehiago egotea; "kasu batzuk preskribatuta" egon daitezkeen arren, Justiziari esku hartzeko eta "Medizabalen kontrako neurriak berehala" hartzeko deia egin du Estrellak.

Elizak zigorra ezarri izanak erakusten du, Clara Campoamor elkartearen arabera, adin txikikoen aurkako erasoak egon direla. Hori baina, ez da "nahikoa", Estrellaren ustez. "Justiziak ere neurriak hartu behar ditu", gaineratu du.