Gizartea
Abusuak adingabeei
Mendizabalek beste adingabe bati abusurik egin dion ikertzen ari dira
Agentziak | Erredakzioa
Fiskaltzak ofizioz zabaldu du ikerketa. Apezpikutzak, ordea, hirugarren kasu baten salaketarik jaso ez duela esan du.
Juan Kruz Mendizabal 'Kakux' Gipuzkoako bikario izandakoak hirugarren adingabe bati sexu abusuak egin ote dizkion argitzeko ikerketa abiatu du Adingabeen Fiskaltzak, auziaren gertuko iturriek Europa Press albiste agentziari jakinarazi diotenez.
Elizak zigorra ezarri dio Mendizabali, 2001-2005 urteen artean bi umeri sexu gehiegikeriak egiteagatik. Bi biktimek bide kanonikoa jarraitu zuten apaizaren kontrako salaketa egiteko, eta Elizak ikerketa egin ostean eta Mendizabalek abusuak aitortu ostean, hura zigortzea erabaki zuen.
Bi gazteek komunikabideei igorritako agirian esan dutenez, hirugarren kasu bat ere egon daiteke. Hala, hiru kasuak ikertzeko eginbideak abiatu ditu Fiskaltzak, Mendizabalen kontrako auzia zabaltzeko oinarririk ote dagoen zehazteko.
Apezpikutzak ez du beste salaketarik jaso
Gipuzkoako Apezpikutzak EFE albistea agentziari gaur adierazi dionez, ordea, eurek ez dute beste salaketarik jaso, eta, beraz, ez dute ikerketa berririk abiatu.
Donostiako Prelaturako iturrien arabera, zurrumurruak badaude hirugarren biktima baten inguruan, baina oraingoz, beste inork ez du salaketarik aurkeztu.
Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainak agerraldia iragarri du arratsalderako (17:00) auziaren inguruan hitz egiteko.