Itxi

Gizartea

abusuak adingabeei

Mendizabalen aurka neurri berriak hartu izana ukatu du Gotzaindegiak

eitb.eus

Apezpikutza Juan Kruz Medizabal 'Kakux' Gipuzkoako bikario jeneral ohiak hirugarren sexu-abusu bat egin ote duen ikertzen ari da, bi adingaberi sexu-gehiegikeriak egiteagatik zigorra jaso ostean.

  • Juan Kruz Mendizabal 'Kakux', artxiboko irudian. Argazkia: EiTB

    Juan Kruz Mendizabal 'Kakux', artxiboko irudian. Argazkia: EiTB

Donostiako Gotzaindegia, Jose Ignacio Munillak gidatuta, ezeztu egin du neurri berririk hartu duenik Juan Kruz Medizabal 'Kakux' Gipuzkoako bikario jeneral ohia dela eta. Alabaina, atzo, asteazkena, Mendizabal Euskal Herritik erbesteratu dutela esan zuen Xabier Andonegi gai sozialetarako bikarioak Euskadi Irratian.

Elizak Mendizabal zigortu du dagoeneko, bi adingaberi sexu-gehiegikeriak 2001 eta 2005 urteen bitartean egitegatik, Donostiako San Bizente parrokian apaiz eta Xirimiri Gazte Taldeko arduraduna zenean.

Donostiako Gotzaindegiak, gaur, osteguna, bertan hedabideei igorritako ohar batean, azpimarratu nahi izan du "Eliz Tribunalak agindutako neurriez gain Elizak ez duela bestelako neurririk hartu".

"Modu berean, auzian zerikusia duten pertsonen intimitatea errespetatzeko nahia azpimarratu nahi du gotzaindegiak. Hartaz, ez da haien inguruko daturik eman eta emango", dio oharrak.

Bestalde, atzo, asteazkena, ezagutu zenez, Fiskaltzak ofizioz jardungo du, eta ikerketa amaitutakoan erabakiko du haren kontrako kereila aurkeztu edo bestelako zigor-biderik hartzen duen.

Juan Calparsoro EAEko fiskal orokorraren esanetan, Gotzaindegia ez dago behartuta biktimek egindako salaketen berri ematera, salatzaileak adin nagusiak direlako, eta abusuak adingabeak zirenean jasan zituztelako. Apezpikutzak hirugarren sexu-gehiegikeria egin zuen argitzea erabaki du, aurretik plazaratuta informazioa dela eta.