Gizartea
osasuna
Osakidetzak ezohiko neurriak hartu ditu, gripe epidemiaren aurka
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Astebetean 47.011 pertsona artatu dituzte EAEko ospitaletako larrialdi zerbitzuetan.
EAEko ospitaletako larrialdi zerbitzuetan artatutako gripe kasuak hirukoiztu egin dira astebetean, urtarrilaren 3tik 9ra. Hain zuzen ere, 47.011 pertsona artatu dituzte epe horretan; horietako 5.000, atzo.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak azaldu duenez, Osakidetzak ezohiko neurriak hartu ditu gripe epidemiari aurre egiteko. Besteak beste, hainbat arlotako 230 profesional kontratatu ditu, eta ospitaleetan beste 417 ohe jarri ditu.
Osasun Sailak eta Osakidetzak plan berezia abiatu dute, eta, horren baitan, epidemiaren jarraipena egiteko lantalde bat sortu dute.
Jaurlaritzaren esanetan, une honetan "beharrezkoak diren neurri guztiak" daude martxan. Dena dela, gaineratu du gripe tasa garai honetan dagokiona dela, eta hurrengo asteetan gora egiten jarraituko duela.
Gasteizko Gobernuak eskerrak eman dizkie Osakidetzako langileei, egunerako egindako esfortzuengatik.
Duela sei egun emandako azken datuen arabera, 222,9 gripe kasu ematen ari dira 100.000 biztanleko, bereziki 14 urte arteko umeen artean.
Joan den astea arte, pertsona bat hil zen eta 18 larri zeuden gripeak jota.