Gizartea
Zubietako erraustegia
Beste auto batek errefusatu egin du erraustegiaren esleipena etetea
Agentziak | Erredakzioa
Halaber, 2016ko abenduan GuraSOS plataformaren eskaerari erantzun ziotela ziurtatu du Donostiako Administrazioarekiko Auzien 3. Epaitegiak.
-
Zubietako proiektua. Artxiboko argazkia: EiTB
Donostiako Administrazioarekiko Auzien 3. Epaitegiak bertan behera utzi du GuraSOS plataformak egindako eskaera, Zubietako errauste planta eraikitzeko lanen esleipena baliogabetzeko.
Urtarrilaren 5ean sinatutako epai horretan irakurri daitekeenez, Zubietako erraustegiaren lanen behin-behineko esleipena bertan behera uzteko eskaerari erantzuna eman zioten 2016ko abenduaren 20an. Ondorioz, GuraSOS plataformak egindako eskaerari jada erantzuna eman diotela gaineratu du Donostiako Administrazioarekiko Auzien 3. Epaitegiak.
Gipuzkoako Foru Aldundiak astelehen honetan zabaldu du epai berria, joan den astean Donostiako Administrazioarekiko Auzien 2. Epaitegiak hartutako erabakiarekin bat datorrena. Aldundiaren arabera, garrantzi handiko erabakia da hori, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) lanak esleitzeko espedientea (uztailaren 28ko batzarrean onartua) zuzenean aipatzen duelako.
Joan den astean, Zubietako errauste plantaren lanen esleipena behin behinean eteteko agindu zion Donostiako Administrazioarekiko Auzien 2. Epaitegiak Gipuzkoako Foru Aldundiari, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak GuraSOS plataformak 2016ko abuztuan aurkeztutako helegitea ebatzi arte. Helegite horren bitartez, esleipena behin-behinean etetea eskatu zuten, prozesu horretan herritarrek ezin izan zutelako parte hartu.
Gipuzkoako Foru Aldundiak astelehen honetan Donostiako Administrazioarekiko Auzien 3. Epaitegiak emandako erabakia azpimarratu du, eta errauste plantari zuzenean eragiten diola ziurtatu du. Halaber, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioari (GHK) zuzenduta dagoela ziurtatu du.