Gizartea
Zubietako erraustegia
Gipuzkoako erraustegia ez esleitzeko agindu dio epaitegiak Aldundiari
ERREDAKZIOA
Donostiako Auzitegiak arrazoia eman dio GuraSOS elkarteari eta, ondorioz, Zubietako erraustegia eraikitzeko lanen esleipena eteteko agindu dio Gipuzkoako Foru Aldundiari.
Donostiako Auzitegiak arrazoia eman dio GuraSOS elkarteari eta Zubietako erraustegia ez adjudikatzeko agindu dio Gipuzkako Foru Aldundiari, plataformak Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorraren aurka jarritako helegitearen inguruan EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak erabaki bat hartu bitartean.
GuraSOSek ohar bidez jakinarazi duenez, Administrazioarekiko auzien Donostiako 2. epaitegiak erraustegia eraikitzeko lanak esleitu ez ditzala eskatu dio Gipuzkoako Diputazioari, "EAEko Auzitegi Nagusiak apelazio-errekurtsoa argitu arte". Elkarteak obrak gelditzea eta erraustegiari buruzko eztabaida sozial eta parte-hartzaile bat abiaraztea eskatu zuen.
GuraSOSen arabera, "erabaki judizialen zain egon gabe lizitazioa bultzatzen ari diren administrazioen jarrera gaitzesten du ebazpen honek, babes judizial eraginkorra izateko eskubidea urratzen ari direlako".
Epaileak dio administrazioak ezin dituela bere ekintzak gauzatu, dagokion auzitegiak ekintza horien inguruan erabaki bat hartu arte. Aitzitik, kontrakoa egingo balu, ekintza hori ez gauzatzeko edo behin-behinean eteteko eskatu duten herritarren benetako babes judizialerako eskubidea urratuko luke.
Horrenbestez, GuraSOSek bere ibilbide-orriaren balioa berretsi du eta auzi honen konponbidea "elkarrizketaren bidetik soilik" lortu daitekeela azpimarratu du, "azken urteotako liskar politikoak albo batean utzita".
Joseba Belaustegi GuraSOS elkartearen abokatu eta bozeramaileak esan du errekurtsoa jarri duten herritarrak "babesik gabe" geratzen direla Diputazioak edo Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak ebazpen judizialak eman aurretik jarduten badute.
Erraustegia eraikitzeko lanak esleitu dituela iragarri zuen duela egun batzuk Foru Aldundiak, baina hori "gezurra" dela azpimarratu du Belaustegik, "gaurko ebazpenak agerian utzi duen moduan".
"Ez da esleipenerako akordiorik egon; Diputazioa engainatzen saiatu da, baina auto honek agerian utzi du guztia. Epaileak esleipena eteteko eskatu badu, esleipenik izan ez delako da", nabarmendu du.
Diputazioak ez du aldaketarik antzeman
Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak uste du Donostiako epaitegiak gaur jakinarazitako erabakiak ez duela zalantzan jartzen "Hondakinen Kontsortzioak egindako ezer".
"Gipuzkoako Foru Aldundiak ukatutako prozesu parte-hartzaileari eragiten dio ebazpenak eta gogoratu behar da erraustegiaren esleipen prozesua Hondakinen Kontsortzioari dagokiola eta ez Diputazioari", dio oharrean foru erakundeak.
Nolanahi ere, Gipuzkoako Diputazioak erantsi du bere zerbitzu juridikoek ebazpena aztertuko dutela, "egoeraren analisi zorrotzagoa egiteko".