Itxi

Gizartea

Sexu esplotazioa

Emakumeak prostituitzera behartzen zituen sare bat desegin dute Bilbon

Agentziak | Erredakzioa

Espainiako Polizia Nazionalak Bilbon eta Bendiormen sexu esplotazioan aritzen zen sare bat desegin du, eta bederatzi pertsona atxilotu ditu, horietatik hiru, Bilbon. Zazpi emakume askatu dituzte.

2:01

Espainiako Polizia Nazionalak Bilboko eta Benidormeko (Alacant) klubetan emakumeak prostituzioan aritzera behartzen zituen sare bat desegin du, operazio batean. Bilbon sei pertsona atxilotu dituzte, eta Alacanten hiru; horietatik sei kartzelatu dituzte.

Gainera, guztira zazpi emakume askatu dituzte, operazio koordinatu batean, eta Administrazio Publikoen esku utzi dituzte. Zazpi biktima horietatik bat Bilbon zegoen eta gainerakoak Alacanteko herrian, baina guztiak pasatu diren Bizkaiko hiriburutik.

Polizia Nazionalak azaldu duenez, taldearen arduradunak nigeriar jatorriko hiru emakume ziren. Biktimak, herrialde beretik engainatuta ekarritako emakume gazteak, gatibu hartzen zituzten eta 14 orduko jardunaldietan prostituzioan aritzera behartzen zituzten, egunero.

Bilbon, kale prostituzioa nabaria den eremuetan sexu esplotazioaren aurka egindako operazio batek jarri zituen poliziak arrastoan, biktimetako batek bere egoeraren berri eman baitzien.

Lan eskaintza faltsuak

Taldeak Nigerian miseria gorian bizi ziren emakumezko oso gazteak erakartzen zituen, Europan ondo ordaindutako lan duina emango ziela esanez. Eskaintzak onartutakoan, gainera, erritu buduistak egiten zizkieten biktimei eta elkartearekiko fideltasuna eskatzen zieten nolabaiteko kontratu baten bidez. Hitzarmen hori bete ezean, gainera, ondorio ikaragarriak pairatu behar izango zituztela esaten zieten mehatxatzeko, eurak edota euren senideak hilko zituztela sinetsarazten zieten.

Gero, taldeak Libiara eramaten zituen biktimak, eta, handik, Italiara, beraiengan inolako arretarik jarri gabe, batere segurtasunik gabeko itsasontzietan sartuta. Hain zuzen ere, Poliziak kontatu duenez, erreskate ontzi batek talde honen biktimetako bi Mediterraneo itsasoaren uretatik jaso zuen frogak dituzte. Hainbat pertsona garraiatzen ari zen ontzi bat hondoratu zen batean jazo zen hori, eta hainbat pertsona hil ziren.

Bilbon, asiloa eskatzera behartzen zituzten, Poliziak identifikatuz gero Estatutik kanpora ezin zitzaten. Orduan, gaizkile taldearekin zor handia (40.000 eta 45.000 euro artekoa) zutela eta, kitatzeko, prostituzioan aritu beharko zirela esaten zieten.

Horrela, asilo eskaera eginda zeukatela, biktimak Benidormera eramaten zituzten, bertan beste hainbat etxe baitzituen sareak, eta prostituzioan jardutera behartzen zituzten.