Gizartea
Gipuzkoako errauskailua
GuraSOS: 'Gipuzkoako erraustegia ez da egingo'
Agentziak | Erredakzioa
Plataformaren arabera, erraustegia "ez da teknikoki eta juridikoki bideragarria, ezta ekonomikoki ere".
-
Joseba Belaustegi GuraSOSeko bozeramailea. Artxiboko argazkia: EITB
GuraSOSek esan du Gipuzkoako erraustegia ez dela egingo “herritarren konfiantza faltagatik eta teknikoki, juridikoki eta ekonomikoki bideragarria ez delako”.
Joseba Belaustegi eta Joxe Maria Izeta GuraSOSeko bozeramaileak eta presidenteak, hurrenez hurren, agerraldia egin dute plataformak bildutako dokumentazioaren xehetasunak emateko eta erraustegiaren kontrako prozesu judizialaren egoera azaltzeko.
EAEko Auzitegi Nagusiak oraindik bi ebazpen ditu emateko, batetik, ingurumen baimenari buruzkoa, eta bestetik, erraustegiari buruzko prozesu parte-hartzaileari lotutakoa. Ildo berean, gaur bertan Auzitegi Nagusia administrazioarekiko auzien Donostiako 3. epaitegiari zuzendu zaio, erraustegia eraikitzeko esleipena behin-behinean baliogabetzeko erabakia hartzea bere eskumena dela jakinarazteko.
GuraSOSek gogora ekarri du joan den abenduaren 27an ez zela esleipenik izan, Aldundiak hala adierazi bazuen ere. Elkartearen esanetan, egun horretan “lizitazioaren aurretiazko tramite bat” egin zen.
Belaustegik azaldu duenez, urtarrilaren 1ean arau berri bat sartu zelako indarrean jokatu zuten horrela. Arau horrek dio epe luzerako zorpetzea izango duten kontsortzioek, kasu honetan Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK), Diputazioaren baimena behar dutela.
Hortaz, Belaustegik iragarri du bihar bertan eskatuko diotela Gipuzkoako Aldundiari “lizitazioaren tramitazioa berehala gelditzeko” galdegin diezaiola GHKri, “horretarako baimenik ez duelako”.
“Tramite bat gehiago izango da, baina Aurrekontu Zuzendaritzaren fiskalizazio txostenak aurkeztu beharko dituzte, baita aurrekontuen orekari eta finantzazioaren jasangarritasunari buruzko datuak ere”, azaldu du.
Bestalde, kontratu hori zuzena ez dela esan du, “kontratatzailea arriskuak ordaintzetik libratzen duelako eta hori diru-kutxa publikorako eskandalagarri kaltegarria delako, zorrari Diputazioak egin beharko diolako aurre, gipuzkoarron gastuak murriztuta”.
Horrez gain, Belautegik azpimarratu du oraindik ez dutela argitu erraustegia nola finantzatuko duten. “Proiektuak ez ditu gastu publikoari dagokionez jasangarritasun eta eraginkortasun printzipioak betetzen diru publikoaren bidez gauzatu ahal izateko”, erantsi du.