Itxi

Gizartea

Zubietako erraustegia

Zubietako erraustegiko lanak Urbaserri esleitzea onartu dute

Agentziak | Erredakzioa

Bestalde, GuraSOS elkarteak ohartarazi duenez, esleipenak kalte-ordainak ordaindu behar izatea eragin dezake, proiektua auzitegietan geldiaraziz gero. Halaber, manifestazioa egin dute Donostian.

1:37

Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioak (GHK), kontratazio mahaiak proposatuta eta botoen % 87 lortuta, Gipuzkoako Ingurumen Zentroaren eraikuntza, kudeaketa eta ustiapenaren esleipena, erraustegia barne, Urbaserrek eta LKS, Moyua, Murias eta Altuna eta Uria enpresa gipuzkoarrek osatutako Aldi Baterako Enpresa Elkarteari egitea onartu du.

Kontratua 768 milioi eurogatik esleitu dute, urteko 23,6 milioi 32,5 urtez. Hasierako aurrekontuarekin alderatuta, 200 milioi euro aurreztu dituzte. Urbaserren eskaintzak “gaur egun dagoen garbiketa sistemarik aurreratuena” du, eta % 70ean murriztuko ditu Europako legediak ezarritako dioxinen emisioak.

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak prentsaurrekoa eman du Donostian, Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuarekin batera. Lurraldearentzat “gaurkoa egun handia” dela esan du, “aurreko legealdian lau urte galdu ostean, irtenbide integrala eman zaiolako hiriko zaborren kudeaketari”.

Halaber, erabaki honekin legealdi honetan “pauso erabakigarria” eman dela nabarmendu du. EAJren eta PSEren gobernuak “herritarrei emandako hitza bete egiten du, hautetsontzietan haien babesa jaso baikenuen”, azaldu du. Halere, “kritikak eta protestak entzungo direla” azaldu du, eta esleipena egin dioten Aldi Baterako Enpresen Elkarteak “Europako instalaziorik aitzindarienak eraikiko ditu”, nabarmendu du.

Esleipenak ez du GuraSOS "geldituko"

GuraSOS Gipuzkoako erraustegiaren aurkako gurasoen plataformak ohartarazi duenez, esleipenak kalte-ordainak ordaindu behar izatea eragin dezake, proiektua auzitegietan geldiaraziz gero. Halaber, azpiegitura honen kontra ekintzaileak ez direla “geldituko” nabarmendu du.

Joseba Belaustegi eta Joxe Maria Izeta GuraSOSeko bozeramaileek hausnarketa hori egin dute Donostian, goizean, esleipenaren onarpenaren aurka eman duten prentsaurrekoan, kolektiboak azpiegitura honen aurka jarritako bi errekurtso judizialen ebazpenak oraindik eman ez dituztenean.

Horietako bat Donostiako 3 zenbakiko administrazioarekiko auzian formalizatu zuten, eta esleipenaren (gaur bertan gauzatu dute) kautelazko etenaldia eskatzen du. Bigarrena EAEko Justizia Auzitegi Gorenean izapidetu dute, eta ingurumen lizentzia kentzea eskatzen du.

Lehenengo errekurtsoan oinarritu dira Belaustegiren hitzak, epaileak obren esleipena onartu baino lehen epaia ematea espero zuelako plataformak. Hala ez izanda, GuraSOSeko kideak “harrituta” geratu dira.

Belaustegik GHKren “egoskorkeria” deitoratu du erabaki hau hartzean, haren ustez, “gutxiespena” eta “errespetu falta” delako gai honi buruzko ebazpena eman behar duten auzitegiekiko.

Erraustegiaren aurkako manifestazioa

Bestalde, ehunka pertsona bildu dira Gipuzkoa plazan, eguerdian, erraustegiaren aurka protesta egiteko.

Osasuna benetan kaltetzen duen instalazioa dela gogorarazi dute, eta ez dela beharrezkoa, ondo kontrolatutako zabor bilketa sistemek erakutsi duten moduan.