Gizartea
Cabacas auzia
Bizkaiko Auzitegiak ez du Cabacas auziko epailea errefusatuko
Agentziak | Erredakzioa
Familiak Angel Gil epailea auzitik kentzea eskatu zuen 'inpartziala ez izateagatik'. Orain sendiak 'ez du batere konfiantzarik justizian'.
-
Iñigo Cabacasen gurasoak, manifestazio batean / EITB.
Bizkaiko Auzitegiak ez du Angel Gil epailea Cabacas auzitik kendukoa. Iñigo Cabacasen familiaren eskaera errefusatu du Auzitegiak. 2012an, Ertzaintzaren pilotakada batek Athelticeko zalea hil zuen Bilbon.
Iñigo Cabacasen sendiaren abokatuek epailea ezestea esatu zuten Ertzaintzaren aldeko aldez aurretiko erabakia publikoki adierazteagatik, baina epaitegiek bere partzialtasuna ez dagoela frogatuta erabaki dute, eta ez dute auzitik kenduko.
Bizkaiko Audientziaren erabakia kritikatu dute Cabacasen gurasoek. Ez dute "batere konfiantzarik justizian". Manuel Cabacas aitak adierazi duenez, epailea ez onartzeko eskaera "ez zen kapritxo bat".
Familiarentzat, ezespenerako arrazoiak zeuden, epaiketaren "kostuak kobrarazi nahi izan dizkigulako" eta "Ertzaintzari sinesten diola" esateagatik. "Eta? Guri ez digu sinesten, ala? Ez dut uste inpartziala denik", esan du Cabacasek.
'Ugarteko' inputatzea ere eskatu du familiaren defentsak, bai eta beste ertzaintzei aitorpena berriz hartzea ere. Cabacas hil zen gauean Bilboko komisaldegiko operazio-burua zen 'Ugarteko'. Gai horien inguruan erabaki behar izango du Bizkaiko Audientziak.