Gizartea
Zubietako erraustegia
Erraustegiaren lizitazioa gelditzeko eskatu du GuraSOS elkarteak
Agentziak | Erredakzioa
Donostiako auzitegiak erabaki bat hartu arte itxaroteko eskatu dio guraso elkarteak Gipuzkoako Diputazioari.
-
Zubietako erraustegiaren proiektua. Artxiboko argazkia: EiTB
GuraSOS elkarteak, Zubietan egitekoak diren erraustegiaren kontrako guraso plataformak, lanen lizitazioa gelditzea eskatu dio Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioari (GHK). Ildo horretatik, Donostiako auzitegiak erabaki bat hartu arte itxaroteko eskatu dio Gipuzkoako Diputazioari.
Elkarte horrek ohar baten bidez jakinarazi duenez, azken asteotan elkarte eta alderdi desberdinetako ordezkariekin bildu ostean auzitegietako bidea hastea erabaki du. GHKk datorren astean esleitu nahi du Zubietako erraustegiaren lanen lizitazioa, baina GuraSOS plataformak lizitazio hori bertan behera gelditzea eskatu du Donostiako Administrazioarekiko Auzietarako 3. Epaitegian. Halaber, Eusko Jaurlaritzak emandako ingurumen baimena baliogabetzea eskatu du EAEko Justizia Auzitegi Nagusian.
GuraSOS elkarteak jakinarazi duenez, EAEko Justizia Auzitegi Nagusian jarritako helegite hori tramitera onartu dute, eta lanen lizitazioa gelditzeko kautelazko neurriak hartu dituzte. Guraso plataforma horren arabera, lizitazioa bertan behera gelditu beharko litzateke, epaitegiak erabaki bat hartu arte. Ondorioz, abenduaren 27a baino lehenago Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak ezin izango du lanen lizitazioa esleitu.
GuraSOS elkartearen ustez, kasu hauetan jurisprudentzia erabili dezakete epaileek. Azken asteotan, sindikatu, alderdi eta elkarte desberdinetako ordezkariekin bildu dira, Gipuzkoako hondakinen bilketaren inguruan akordio zabala bilatzeko asmoz. Dagoeneko EAJ, EH Bildu, Podemos, CCOO, Steilas, ELA, LAB eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren ordezkariekin bildu dira. Datozen egunotan, berriz, PP, PSE eta Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainarekin biltzekoak dira.