Itxi

Gizartea

Cabacas auzia

Cabacasen familiaren defentsak instrukzio fasea luzatzea eskatu du

Agentziak | Erredakzioa

Ofizialki astelehen honetan amaitu da dekretuz agindutako instrukzio fasearen luzapena.

  • Artxiboko irudia. EiTB

Iñigo Cabacasen familiaren defentsak auziaren instrukzio fasea luzatzea eskatu du, Iñigo Gogoan plataformak jakitera eman duenez. Iñigo Cabacas Athletic zalea 2012an hil zen, Ertzaintzak jaurti zuen gomazko pilota baten inpaktuagatik.

Iturri berberek azaldu dutenez, ofizialki, gaur, abenduak 5, amaitu da dekretuz agindutako instrukzio fasearen luzapena, beraz, Bilboko 10 zenbakiko Instrukzio Epaitegiak kasua artxibatzen duen ala ahozko epaiketa ireki ezagutzera eman behar du. Sei ertzain daude inputatuta.

Iñigo Gogoan plataformak esan duenez, ez dakite epaitegiak datozen egunetan ezagutzera emango ote duen erabakia, Iñigo Cabacasen familiaren defentsak ez duelako jaso inolako jakinarazpenik.

Halere, abokatuek instrukzio fasea sei hilabete gehiagoz luzatzea eskatu dutela nabarmendu dute, Bizkaiko Probintzia Auzitegiaren aurrean ekainean jarritako helegitearen inguruko ebazpenik atera ez delako. Cabacasen familiaren defentsak ‘ugartekoa’ (gertaerak izan zirenean Bilboko polizia-etxeko operazio burua) inputatzea eskatu zuen, baita ertzain batzuei deklarazioa berriro hartzea ere.