Gizartea
Abetxuku
Eraikin okupatua utzi eta 'Pitxiek' etxe bat alokatu dute Gasteizen
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Manzanares Cortes familiak alokairu kontratu bat sinatu du eta horri esker Gasteizen erroldatu ahal izan dira.
-
Gasteizeko Manzanares Cortes familiako kide bat. Argazkia: EFE
"Pitxiak" Gasteizko Abetxuku auzoan okupatutako etxetik irten dira eta etxebizitza bat alokatu dute handik gertu. Manzanares Cortes familiak alokairu kontratu bat sinatu du eta horri esker Gasteizen erroldatu ahal izan dira.
Gasteizko Instrukzioko 1 zenbakiko Epaitegiak bost eguneko epea eman zien "Pitxiei" okupatutako etxebizitzatik irteteko. Epaileak aintzat hartu zuen etxebizitzaren jabearen salaketa.
Manzanares Cortes familiako zazpi kideak atzo atera ziren Abetxuku auzoko Kristo kaleko 54. zenbakiko etxebizitzatik eta 48. zenbakiko etxe batean bizi dira orain, alokairu kontratu bat sinatu ostean.
Kontratu horri esker Manzanares Cortes familiako kideak Gasteizen erroldatu ahal izan dira. Aurrez, sendiak Gasteizen erroldatzeko eskaera egin zuen urriaren 31n, baina Udalak eskaera horri buruzko erabakia hartzeko hiru hilabetek epea zuela azpimarratu zuen.
Abetxuku auzoko hainbat herritarrek manifestazioak eta mobilizazioak egin dituzte 'Pitxien' aurka. Are gehiago, Juan Calparsoro Euskal Autonomia Erkidegoko fiskal nagusiak alde guztiekin bilerak egin ditu eta auzoa bisitatu du.
Pedro Garcia Manzanares 'Pitxien' familiako buruak kazetarien aurrean egindako agerraldian hitz egin du eta haren familiarentzako errespetua eta "bake eta elkarbizitzarako aukera" bat eskatu ditu.
Arabako SOS Arrazakeria elkarteko kideek Manzanares Cortes familia babestu dute, eta errespetua, elkarbizitza eta bakea eskatzeaz gain, familiari bere izenez deitzeko aldarrikatu dute.