Itxi

Gizartea

gurasos

Ehunka lagun manifestatu dira Donostian erraustegiaren aurka

Agentziak | Erredakzioa

GuraSOS kolektiboak erraustegiaren lizitazioa gelditzea eta Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Integrala "berehala" berrikustea eskatu du.

  • Erraustegiaren aurka egindako manifestazioa. Argazkia: EFE

    Erraustegiaren aurka egindako manifestazioa. Argazkia: EFE

Ehunka lagunek egin dute bat gaur arratsaldean Donostian egin den erraustegiaren aurkako manifestazioarekin, GuraSOS plataformak deituta.

Protesta 17:20 inguruan abiatu da Donostiako Araba parketik, albo banatan kapa zuriak zeramatzaten umez osaturiko bi lerro zituela.

Horien atzetik manifestazioaren pankarta zihoan, globoz inguratuta, eta bertan lelo hau irakur zitekeen: "Gipuzkoa eman bidea osasuna eta adostasunari. Por un acuerdo saludable".

Manifestazioa Boulevardean bukatu da aldarrikapen-ekitaldi batekin. Ekitaldi horretan GuraSOS plataformako zenbait kiden mintzatu dira. Plataforma horrek bide-orri bat eman zuen ezagutzera joan zen astean Gipuzkoako "hondakinak kudeatzeko gatazkari konponbidea emateko".

Kolektibo horrek zortzi puntu planteatzen ditu, eta horien artean daude, besteak beste, honako hauek: erraustegiaren lizitazioa gelditzea eta Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Integrala "berehala" berrikustea. Horrez gain, Diputazioan bi mahai sortzea eskatzen dute: bata, izaera "sozialekoa", herritarren ordezkapenarekin; bestea, teknikoa, Diputazioak, alderdi politikoek eta elkarteek izendatutako adituz eta teknikoz osatuta egongo litzatekeena.

Aipatu bide-orrek "parte-hartzezko erabakitze-prozesu" bat ere aurreikusten du, "osasun publikoari eta ingurumenari ahalik eta berme gehien emango dion" konponbidea bilatzeko xedearekin, eta, aldi berean, "gizarte kohesio altuenak" erdietsiko dituena eta baliabideen erabilera eraginkorrei buruzko Europako ebazpenekin "ahalik eta gehien bat egingo" duena.

Behin urrats horiek emanda, "adostasun teknikoetan eta sozialetan oinarritutako akordioa eta irtenbide partekatua" erdietsi nahi du GuraSOS plataformak.

Elkarte horretako kide Joseba Belaustegik azaldu duenez, protestaren xedea zen ordezkari politikoei mezu hori helaraztea, hau da, hondakinen kudeaketari irtenbidea emateko herritarrak "akordioaren eske" daudela, "segurtasuna, osasuna eta ingurugiroa ahal den beste" bermatuta.