Gizartea
Bortxaketa
Epaileak auzipetu egin ditu sanferminetako bortxaketaren egileak
Agentziak | Erredakzioa
Nafarroako Lurralde Auzitegiak auzipetu egin ditu sanferminetako bortxaketaren ustezko bost egileak. Grabazioek biktimak esandakoa frogatzen dutela berretsi du epaileak.
Nafarroako Lurralde-auzitegiak joan den uztailaren 7an 18 urteko emakume bat taldean bortxatu zuten ustezko bost gizonak auzipetu ditu asteazken honetan. Gauzak horrela, kasu horren ikerketaz arduratu den instrukzio epaileak hartutako erabakia berretsi du.
Nafarroako Lurralde-auzitegiak emandako epaian (finkoa) irakur daitekeen moduan, Auzitegiaren Bigarren Sekzioko magistratuak bertan behera utzi du talde bortxaketaren ustezko egile batek joan den abuztuaren 8an epaileak hartutako erabakiaren kontra aurkeztutako helegitea. Iruñeko epaitegietako magistratuak gizonak auzipetzea erabaki zuen, bost sexu-eraso delitu eta lapurreta leporatuta.
Nafarroako Justiziako Auzitegi Nagusiak (NJAN) ohar baten bidez jakinarazi duenez, Lurralde-auzitegiak garrantzia handia eman dio emakumearen salaketari. “Xehetasun batzuk alde batera utzita, biktimak aipatu dituen datu guztiak koherenteak izan dira”, esan du. Ildo horretatik, bortxaketa izan zen atarira behartuta eraman zutela salatu zuen emakumeak.
Gauzak horrela, helegitea aurkeztu duen ustezko bortxatzailearen askatasun eskaera ukatu du Nafarroako Lurralde-auzitegiak, eta erabaki hori hartzeko orduan joan den urriaren 21ean emandako epaia aintzat hartu du.
Halaber, biktimak jarritako salaketa egia dela frogatzen duten datuak daudela nabarmendu du epaileak, eta bortxaketa izan ostean 18 urteko emakumea negarrez eta urduri aurkitu zutela gogora ekarri du.
Bortxaketaren biktima jesarleku batean eserita aurkitu zuten bi pertsonek azalpenak eman zituzten Instrukzio epailearen aurrean. Emakumea “oso urduri eta negarrez” zegoela esan zuten. Nafarroako Lurralde-auzitegiaren arabera, datu horrek berak jarritako salaketarekin bat egingo luke.
Halaber, bortxaketa izan aurretik emakumeak ez zituela gizon horiek ezagutzen nabarmendu du Lurralde-auzitegiak. Ondorioz, gizonak kaltetzeko zantzurik ez dagoela gaineratu du.
Beste alde batetik, bortxaketaren grabaketak garrantzia handia duela nabarmendu du Lurralde-auzitegiak, “errealitatearekin bat datorren gertaeraz jabetzea ahalbidetzen duelako”. Hala, biktimak egindako adierazpenekin bat egin lezaketen irudiak direla gaineratu du.
Ondorioz, auzipetuek beraiek grabatutako bideo horrek emakumeak adierazitako datuak frogatuko lituzkeela dio Nafarroako Lurralde-auzitegiak. Irudi horietan, bortxaketaren bost egileak emakumearekin ageri dira.
Era berean, txosten psikologikoek garrantzia handia dutela nabarmendu dute magistratuek, emakumearen salaketa frogatuko luketen datu ugari frogatuko lituzkeelako.
Beste alde batetik, Nafarroako Lurralde-auzitegiak Iruñeko epaitegietako magistratuak ezarri zien bermea berretsi du: 500.000 euroko bermea, gertakaria oso larria delako.