Gizartea
Bilbo
Ollerieta auzoko bizilagunek Pitxien kontrako manifestazioa egin dute
Agentziak | Erredakzioa
Beste alde batetik, Udala “etengabe” lanean ari dela ziurtatu du Juan Mari Aburto Bilboko alkateak.
Ollerieta auzoko bizilagunek ‘Pitxi’en kontrako manifestazioa egin dute ostegun honetan, azaroak 10, Bilbon. Familia gatazkatsu horretako kideek Ollerieta auzoan egin dituzten lapurretak eta erasoak gaitzetsi dituzte.
19:30etan hasi da manifestazioa, Santutxu kaleko 78 zenbakian, eta kalea zeharkatu ostean, Enkarnazio plazan amaitu da. Gainera, Gasteizko Abetxuku auzoko bizilagun batzuk ere protestan parte hartu dute, auzokideei babesa adierazteko.
Ollerietako bizilagunek ziurtatu dutenez, “legea bete arte” familia gatazkatsu horren kontra protesta egiten jarraituko dute: “Manifestazioak antolatuko ditugu, bakean bizi nahi dugulako”, gaineratu dute auzokideen ordezkariek.
“Ez dugu beldurrik, auzokide bati mehatxu egiten diotenean auzokide guztioi mehatxu egiten digutelako”, azpimarratu dute. Gauzak horrela, familia gatazkatsu horren kontrako manifestazioan parte hartzeko deia luzatu diete auzokideei.
Udala “etengabe” lanean ari da
Beste alde batetik, Udala “etengabe” lanean ari dela ziurtatu du Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, baina Ollerieta auzoko arazoa konpontzeko “populismorik” ezin dela erabili gaineratu du.
Ildo horretatik, auzokideekin bate egiten duela eta beraien kexak ulertzen dituela azaldu du. “Ollerietan arazorik ez egotea eta bakean bizitzea posible izatea lortu behar dugu. Hori da gure helburu nagusia”, azpimarratu du Aburtok.
“Egoera konpontzeko lanean jarraitu behar dugu, baina ez dakit familia horretako kideak ‘kanporatzea’ irtenbide bakarra izan daitekeenik. Lan egiten jarraituko dugu elkarrekin, baina populismorik gabe”, gaineratu du.
. .