Gizartea
Abetxuku
Abetxukuko ‘Pitxiek’ jazarpena pairatzen dutela esan diote Calparsorori
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Arabako SOS Arrazakeria eta Ongi Etorri erakundeek babesa eskaini diote Abetxukun bizi den sendiari, Bilboko Justizia jauregiaren atarian.
Gasteizko Abetxuku auzoko 'Pitxiek' bizilagun batzuen aldetik mehatxuak eta indarkeria jasaten dutela esan diote Juan Calparsoro EAEko Auzitegi Nagusiko fiskal nagusiari, gaur goizean berarekin Bilbon izan duten bileran.
Bilera amaitutakoan, Pedro Garcia Manzanares 'Pitxien' familiako buruak, Fede Garcia Arabako SOS Arrazakeriako ordezkariak eta Jesus Mari Gonzalez Ongi Etorri plataformako kideak kazetarien aurrean hitz egin dute Bilboko Justizia jauregiaren atarian.
Gonzalezek azaldu duenez, aipaturiko familiak duela hiru hilabete babesa bilatu zuen Abetxuku auzoko etxebizitza huts batean eta ordutik inguruko bizilagunak sendia mehatxatzen eta iraintzen ari dira, horretarako arrazoirik gabe.
Manzanares 'Pitxien' familiako buruaren esanetan, auzokideek beren kontra egiteko erabiltzen dituzten arrazoiak faltsuak dira, eta ziurtatu du familiak bertatik alde egingo duela delituren bat egin dutela erakusten duen frogaren bat (argazki edo bideo bat) aurkezten badute. Beldurra sentitzen dutela esan diote EAEko fiskal nagusiari eta eskerrak eman dizkie beraiekin elkartzeagatik.
Bestalde, Fede Garciak adierazi du gaia auzibidea jartzea aztertzen ari direla, gorroto delitua dela-eta.