Gizartea
Erasoa Altsasun
Altsasukoa ez da ekintza terrorista gisa epaituko, Beaumonten arabera
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Jarduneko Gobernuko Barne ministroaren esanetan, berriz, Altsasukoa gorroto delitua izan da, ez kale borroka.
Maria Jose Beaumont Nafarroako Foru Gobernuko Barne kontseilariak gaur adierazi duenez, instrukzio epaileari dagokio asteburuan Altsasun gertatutakoa ekintza terrorista gisa epaitu behar den ala ez erabakitzea, baina ez du horrelakorik egingo, horren iritzian.
"Nire ustez, ez da horrela izango, baina epaileari dagokio hori erabakitzea", adierazi du. Ildo horretan, auzia epaileen esku dagoela gaineratu du.
Beaumonten arabera, larunbat goizaldean Altsasun izandako gertakaria argitzeko ikerketa zabalik dago oraindik.
Atzo, aske utzi zituzten bi guardia zibili, eta haien bikotekideei eraso egitea leporatuta Altsasun atxilotutako bi gazteak, karguekin. Agintedunaren aurkako atentatua egitea eta lesioak eragitea leporatzen die biei epaileak.
Barne kontseilariaren hitzetan, hasierako atestatuan ez zituzten bi guardia zibilen salaketak jaso, hain zuzen ere, bietako bat ospitaleratuta zegoelako. Hala ere, ospitaletik irten zenean, biek deklaratu zuten Guardia Zibilaren aurrean, eta horien deklarazioak Foruzaingoaren atestatuan eta epaitegietan jasota daude.
Bestalde, Jorge Fernandez Diaz Espainiako jarduneko Barne ministroak esan du Altsasukoa gorroto delitua izan dela, ez kale borroka.
Diputatuen Kongresuak adierazpena onartu du, guardia zibilei babesa adieraziz
Espainiako Diputatuen Kongresuko Barne Batzordeak Altsasun asteburuan gertaturikoari buruzko adierazpen instituzionala onartu du, bi guardia zibilei babesa adieraziz. EH Bilduk eta ERCk kontrako botoa eman dute eta Partit Democrata Catalak, ostera, abstentziora jo du.
"Eraso basatia" gaitzesteaz gain, lehenbailehen osatzea opatu die bi guardia zibilei eta horien bikotekideei.
Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko bozeramaileak adierazpenaren legezkotasuna zalantzan jarri du; izan ere, haren esanetan ezin da adierazpen instituzionalik onartu kontrako botoekin. Hala ere, Batzordeko presidenteak erantzun dio botoa emateko modua hasieran adostu dutela eta baliozkoa zela.