Itxi

Gizartea

ERASOA

Aske utzi dituzte Altsasun atxilotutako bi gazteak, karguekin

EITB.EUS

Agintedunaren aurkako atentatua egitea eta lesioak eragitea egotzita, aske utzi dituzte gaur goizean Iruñeko epaitegi batean deklaratu ostean. Ospitaletik irten da zauritutako guardia zibila.

1:15

Bi guardia zibili eta haien bikotekideei eraso egiteagatik Altsasun atxilotutako bi gazteak aske utzi ditu epaileak astelehen honetan, Agintedunaren aurkako atentatua egitea eta lesioak eragitea leporatuta.

30 bat pertsona bildu dira epaitegiaren atarian. 'Muntaia polizialik ez' eta 'Utzi pakean Altsasu' zioten kartelak erakutsi dituzte. Halaber, zenbait foruzain egon dira sarrera zaintzen, eta hedabide ugari berri ematen.

Iturri judizialek jakitera eman dutenez, ofizioz ireki dute ikerketa, Fiskaltzak eskatuta, guardia zibilek eta haien bikotekideek ez baitute salaketarik jarri. Ikerketak irekita jarraitzen du eta Foruzaingoak ez du baztertzen atxiloketa gehiago egitea edo delitu gehiago egoztea, iturrion arabera.

Bestalde, ospitalean ingresatuta zegoen guardia zibilak alta jaso du eta ospitaletik irten da. Atzo, Guardia Zibilaren zuzendari nagusiaren bisita jaso zuen, eta gogor gaitzetsi zuen gertatutakoa. Uxue Barkos Nafarroako presidenteak ere, erasoa salatu zuen.

Nafarroako Parlamentuak erasoa gaitzetsi du

Nafarroako Parlamentuko Bozeramaleen Batzordeak ez du gertatutakoaren aurrean gaitzespen adierazpen bakarra adostea lortu, eta gaurkoan eztabaidatutako bi testuek aurrera egin dute. Bietan geratutakoa gaitzesten dute eta zauritutako lagunei elkartasuna adierazpen diete.

Hala, UPNk, PSNk eta PPNk aurkeztu dute horietako bat, bost puntuz osatutakoa. Horietatik lauk egin dute aurrera, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemosen eta I-Eren abstentzioarekin.

Bigarrena, berriz, Geroa Baik, Podemosek eta I-Ek aurkeztu dute, eta aurrera egin du UPNren eta PPNren kontra botoekin, EH Bilduren abstentzioarekin eta gainerako alderdien aldeko botoekin.

Adierazpen instituzionalen inguruko eztabaidak polemika sortu du Bozeramaileen Mahaian eta Batzordean. Hala, UPN, PSN eta PPN alderdiek gainerakoen abstentzioa kritikatu dute, eta ''ahul''tzat jo dute Geroa Bai, Podemos eta I-Eren testua. Azken hiru alderdi horiek lasaitasunerako deia egin dute.

Hala, Geroa Bai, Podemos eta I-E alderdiek bultzatutako adierazpenean, Nafarroako Parlamentuak gaitzetsi egiten ditu gertatutako ''indarkeria ekintzak'', eta ''elkartasuna'' adierazten die zauritutakoei. Halaber, udalerrian ''elkarbizitza''ren aldeko apustua egiten dute, ''atzean'' utzita mota horretako ekintzak, ''iraganeko kontuak diren eta gure etorkizunaren parte izan behar ez duten ekintzak''.

UPNk, PSNk eta PPNk aurkeztutako testuan, berriz, ''erabateko gaitzespena'' adierazten dute ''jarrera faxistekin lotura handiagoa duen eta elkarbizitzako oinarrizko arauak errespetatzen ez duten justifikaziorik gabeko eraso''aren aurrean. Horrez gain, ''jipoi izugarria'' jasan zuten guardia zibilei eta beren bikotekideei ''erabateko babesa eta elkartasuna'' adierazten zaie.

Adierazpen horrek bosgarren puntu bat ere bazuen, eta bertan herritarrei dei egiten zitzaien Guardia Zibilaren alde Iruñean deitutako elkarretaratzean parte-hartzera. Baina puntu horrek ez du aurrera egin, kontra agertu diren talde politikoen adierazi dutenez gertatutakoa oraindik ez delako erabat argitu.

EH Bildu bi bozketatan abstenitu da, eta esan du gertatutakoarekin ados egon ez arren, ez dela "izaera politikodun erasoa'' izan.

Bertsio ezberdinak

Istiluak larunbat goizaldean gertatu ziren Altsasuko taberna batean. Guardia Zibilaren arabera, berrogei bat lagunek hartu zuten parte erasoan.

Lekukoek, berriz, liskarrak gertatu zirenean tabernan gehienez hamar lagun zeudela esan zuten. Guardia Zibilei tabernatik alde egiteko esan eta horiek ezetz erantzun eta mehatxuka hasi zirenean hasi omen zen liskarra.

Larunbat arratsaldean, bestalde, Altsasuko plazan batzar informatiboa egiten ari zirela Guardia Zibilaren hogei bat auto plaza ondoko kalean azaldu zirela salatu zuten.

Covitek iragarri zuenez, salaketa jarriko du atxilotutako bi gazteen kontra, gorrotoa sustatzea egotzita.

Erreakzioak

Sortuk atzo arratsaldean zalantzan jarri zuen atzo Altsasun bi guardia zibilek jasandako erasoari buruz emandako bertsioa. Izan ere, alderdiaren aburuz, Guardia Zibilak eta estatu espainiarreko Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzak emandako informazioa soilik zabaldu zuten, "txosten edo salaketa ofizialik" egon gabe.

Bestalde, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak, Altsasuko Guardia Zibilari babesa erakusteaz gain, "atzoko eraso basatia ez dela zigorrik gabe geratuko" gaineratu zuen.

Bestalde, Iruñeko Komandantzia aurrean elkarretaratzea deitu zuen "Vecinos por la Paz" elkarteak hiriburuko Guardia Zibilari babesa emateko asmoz.