Gizartea
Oroimen Historikoa
Iruñeko Artzapezpikutza, Mola eta Sanjurjo hobitik ateratzearen aurka
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bi militar frankistak hobiratuta dauden kripta ixtearen kontrako alegazioak aurkeztu dituzte, "gurtzeko toki bat delako, erabilera pribatukoa".
Iruñeko eta Tuterako Artzapezpikutzak Sanjurjo eta Mola militar kolpista espainiarrak hobiratuta dauden kripta ez ixteko alegazioak aurkeztu ditu, besteak beste, “gurtzeko tokia” dela eta “egungo ordenamendu juridikoak haren bortxaezintasuna” bemartzen duela argudiatuta.
1936ko Gerran, bando frankistan hil ziren militarrak oroitzeko Iruñeko zabalgunean eraiki zuten hilobi-monumentuan lurperatu zituzten Sanjurjo eta Mola militarrak. Duela hamarkada batzuk Artzapezpikutzak Udalari eman zion eraikina –jarduera kulturalak egiteko erabiltzen dute egun-, kripta betirako beretzako izango zela zehaztuta.
Iruñeko Udalak duela aste batzuk iragarri zuen kripta azaroan itxiko zuela eta Sanjurjo eta Mola militarren gorpuak hobitik aterako zituela, Oroimen Historikoaren Legea bermatze aldera.
Horrenbestez, Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariarengana jo zuen Artzapezpikutzak, itxieraren kontrako alegazioak aurkezteko.
Artzapezpikutzaren arabera, gorpuak hobitik ateratzea ez da legezkoa, “kripta batean daudelako eta ez hilerri batean”.
Gainera, “kripta leku sakratua da, eukaristiak eta otoitzak egiteko lekua eta, gurtzeko tokia den heinean, legeak haren bortxaezintasuna bermatzen du eta horrek kriptan egindako hilobiengan ere eragiten du”, azpimarratu dute.