Itxi

Gizartea

Ecrins mendilerroa

Nafarroako mendizale bat hil da Frantziako Alpeetan

Euskadi Irratia | eitb.eus

Hildakoa Axio Aranburu Altsasuko 31 urteko alpinista da. Biktima eta haren adiskide bat Carre glaziarra zeharkatzen ari ziren, elkar lotzen zituen soka eten eta gaztea ehunka metro amildu zenean.

1:26

Axio Aranburu Altsasuko (Nafarroa) 31 urteko mendizalea hil da Frantziako Alpeetan, Ecrins mendigunean 3.500 metrotik behera erorita. Haren lagun batek eman du abisua, larrialdi zerbitzuetako kideak helikoptero batekin abiatu dira, baina hila aurkitu dute mendizalea, Euskadi Irratiak azaldu duenez. Haren gorpua Grenobleko gorputegi batera eraman dute.

Frantziako Alpeetan, Ecrins mendilerroan, gertatu zen ezbeharra atzo goizean. 31 urteko gazte altsasuarra eta haren adiskide bat Carre izeneko glaziarra zeharkatzen ari ziren, elkar lotzen zituen soka eten eta gaztea ehunka metro amildu zenean.

Lagunak eman zion gertaeraren berri inguruan zegoen mendizale talde bati eta haiek eman zieten abisu Jendarmeriaren Goi Mendiko Erreskate taldeei. Helikopteroa ezbeharraren lekura iristerako, ordea, hilda zegoen 31 urteko altsasuarra.

Gorpua Grenoble hiriko gorputegira eraman dute autopsia egiteko eta Gendarmeriaren Goi Mendiko taldeak gertatua ikertzen ari dira orain.